Kalezarko jaiak 2026

Gogotsu lasterka gaztetxoenak, goizeko lehen orduan eta itzalpean egindako krosean

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 21a

Gaztetxoenen artean motibazio bizia pizten duen lehen hitzorduarekin ekin diote Kalezarko jaietako Umeen Egunari, igande honetako goiz partean; haur krosarekin hain zuzen. Goizeko lehen orduan eginiko hitzordua, auzo barruko kaleetako itzalpean egin da.

Kalezarko jaiek hirugarren eguna zuten arren, energiaz beterik plazaratu da belaunaldi gazteena haien jaiegun nagusia ospatzera. Izan ere, Haurren Eguna ospatu dute bertan, igande honetan, ekainaren 21ean.

Irudiotan ikusi ahalko duzuen moduan, bizi asko abiarazi dute haien eguna, auzoan barrena lasterka. Jada errotua dagoen herri krosa izan dute eguneko agendako lehen hitzorduen artean. HH-tik hasi eta DBHraino, adin tarteka parte hartu dute goizeko 10:00etan izena eman dutenek. Abiapuntu eta helmuga bera izan dute denek, txosnagunea. Ibilbidea, aldiz, haren distantzia egokitu egin dute urtero moduan, adin tarte bakoitzera.

Goizeko lehen orduan eginiko lasterketa laburrek auzo erdiguneko itzalpeko kaleak zeharkatu dituzte. Hasi bezala, amaitu dira denak, azken metroetan helmuga hain hurbil izanda erritmo bizi askoan heldu dira haur eta gaztetxoak, txapeldunak denak.