Kalezarko jaiak

Freskatzeko behar beste baliabiderekin, San Joan bezperako eskean irten dira Kalezarren

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 23a

Bero sapari jai giroarekin erantzun diote. Bazkalostean abiatu dira San Joan bezperako eskean, urteroko ohitura zaharra berritzera Kalezarren. Gaueko sua pizterako bueltan izango dira.



Haien jai giroarekin, beroari itzala egitera irten da irudiko taldea, San Joan bezpera honetako eskean ateratakoak. Ostiraletik igandera Kalezarren izandako festa giroa itzularazi diote auzoari, atzoko atseden egunaren ondotik. Urtero legez, lehenik eta behin, albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute Peña Pagola elkarte atarian. Etxez etxeko birari eta bisitei ekin diete gero. Atea jotzerako eskean irtendakoak eskuzabalik hartzeko prest zituzten auzokideak.

Bertsotan agurtu dituzte bizilagunak. Zeregin horretan ariko dira arratsalde osoan zehar herrikide bat, Harri Agirresarobe eta Oibar Olano asteasuarra. Haien bidelagun trikitilari eta panderojole bana eta ekimenarekin bat egindako gazte taldea egongo da, datozen orduotan kide gehiago erakarriko dituena.

Kalezarko erdigunean hasi dute bira eta erdigune horretatik kanpo ibiliko dira etxez etxe. Iluntzean, Saizar sagardotegian afaltu eta gaueko 22:00etarako sua pizteko ekitaldian izango dira, Kalezarko iazko eremu berdinean, parke ondoan kokaturiko hitzordua bertsoz eta musikaz girotzeko prest.

Beroa izango dute bidelagun arratsalde osoan. Baina argazkiotan ikus dezakezuenez, ez dira esku hutsik irten etxetik. Hidratatu eta freskatzeko baliabiderik ez zaie falta.