Kalezarko jaiak

Ohi baino segurtasun neurri handiagoen artean piztu dute sua

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 24a

Ezohiko baldintza klimatikoen artean ospatu dira bart, udako solstizioari harrera egiteko hitzorduak. Ondorioz, ezohiko segurtasun neurrien artean piztu dira han eta hemengo suak.

Ohi baino ikusmin handiagoa piztu du bart, irudiotan duzuen hitzorduak. Ekainaren 23ko gaua heltzearekin batera, udako solstizioari ongi etorria emateko usadio zaharra berritzeko aukera izan da nonahi. Aurtengoa, ordea, giroa izan da arretagune nagusia. Izan ere, aspaldiko beroaldi luze eta intentsitate handikoenean egokitu da gau hau; alarma gorri eta alerta laranja artean heldu gara hilaren 23ko gau horretara.

Testuinguru horretan, denetariko erabakiak hartu dira udalerrietan. Usurbili dagokionean, Udalak urtero moduan, suok pizteko asmotan ziren eragileekin, hau da, Kalezarko jai batzordekoekin, Santuenea Kultur Elkartearekin eta Zubietako Pilota Elkartearekin lankidetzan hitzorduok debekatu ez baina ohi baino segurtasun neurri zorrotzagoen artean ospatzea adostu zuten.

Ohi baino su txikiagoa egiteko konpromisoa hartu zuten eragileek, sua handitzeko materialen erabilera saihestea edota sua pizten den eremuaren eta herritarren arteko distantzia handitzea. Arduraz jokatzeko mezua helaraztearekin batera, mangerak ezartzea ere erabaki zuten.

Jaietan den Kalezarko suari dagokionean, 22:00ak pasatxoan piztu zuten, iaz bezala, auzo erdiguneko parkearen ondoko belardian. Ohi baino material gutxiago zuten pilatua, suak dimentsio handia har ez zezan. Halere, orohar, bizi ditugun baldintza klimatiko bortitzen adierazle, indar handia hartu zuen suak. Uneren batean, zabaltzen hasteko zorian izan zen, baina ez zen gehiagora joan. Bertan zen udaltzaingoa. Mangeraren erabilerak kontrolpean izan zuen sua.

Bistan denez, usadio zaharra berritzeko aukera izan da bart, oraingo honetan, ordea, ez beste urteetako lasaitasun eta nahieran ospatzeko moduan, eutsi behar horretatik baizik, erantzukizunez eta kontu handiz.

Hitzorduokin, Kalezarko festen amaierara heldu gara. Asteazken honetan, hilaren 24an, auzoko jaiegun nagusiarekin agurtuko dute aurtengoz, bertan antolaturiko ospakizunen zikloa:

Kalezarko jaiak
Ekainak 24, asteazkena
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Sardina eta sagardo dastaketa Saizar Sagardotegiaren eskutik, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuta.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.