Albiste honi atxikitako argazkiak berriki Matia fundazioko lantokien arteko batzordeak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunearen atarian, Egurtzegin eginiko mobilizaziokoak dira, langileek helarazitakoak. "Matia arriskuan" dela ohartarazten duen pankarta izan zuten eskuartean. Horrekin batera, langileei, erabiltzaileei eta haien senideei adi egoteko deia egin zieten, aipatu euskarri beraren bidez. "Zaindu zaintzailea Fundazioaren aldarrietako bat den hori non geratu da?", galdetu dute ohar bidez.
Matia fundazioko lantokien arteko batzordeak deitutako protesta ekintza izan zen, hainbat langile elkartu zituena. Egunotan, ohar bidez salatu nahi izan dute, "Matia Fundazioaren zuzendaritzak inposatutako neurri murriztaileak". Adibide gisa aipatu dituzte, "lanpostuen amortizazioa, kontratuen amaiera, lanpostuen estaldura gabezia, lanorduen murrizketa, lan-kargen handitzea, garbitasunean izandako okertzea...". Langileon esanetan, "zaintza lan guztietan bezala, hau ere sektore feminizatu eta prekarizatu bat da. Gure lana beharrezkoa da, eta hala ere, lan baldintza prekarioekin gaude, lan karga handiekin, soldata baxuekin, lanaldi partzialekin, lesio eta neke handiarekin…".
Horregatik, argi utzi nahi izan dute, "Matia Fundazioaren zuzendaritza orokorrari eta haren buru Gerardo Amunarrizi dagokio fundazioaren jasangarritasuna bermatzea ". Bera da ohar hau helarazitako batzordearen esanetan, "Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin eta Foru Aldundiarekin negoziatzen duena".
Bizitako egoeraren erantzukizuna "inolaz ere ez da langileen kolektiboarena". Zehaztu dutenez, "langileok erasotuak izan gara lehenengo laneko bajaren %100aren osagarria kenduz. Egia da ordainketa hau urtearen bukaeran egingo dela, hala ere, langileontzako arazo ekonomiko larria izaten jarraitzen du eta gainera, baja arrazoi nahikorik gabe hartzearen susmoa leporatzen digute".
