Baba beltz txikiari gorazarre egin eta kide berri bat batu dute kofradiara

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 28a

Baba beltz txikiari gorazarre egiten dion Usurbilgo kofradia urtero moduan bildu da abuztuko azken ostegun honetan, Kalezarko Saizar sagardotegian. Kide berri bat izendatu dute, 2027koa nor izango den iragartzearekin batera. Ospakizuneko protagonista halere, baba beltz txikia izan da. Bazkariko jaki nagusia izan dute hitzordura joandakoek.



Bost bat hamarkada badira biltzen hasi zirenetik. Abuztuko azken ostegunetan elkartzeko ohitura bizirik mantentzen dute oraindik. Baba beltz txikiari gorazarre egiten dion kofradiari buruz ari gara. Ostegun honetan, hilaren 27an elkartu da Saizar sagardotegian.

Kofradiari izena eta izana ematen dion jakia dastatu zuten bazkaritarako. Bazkalostean, urteroko errituari tartea egin zioten. Izan ere, kofradekide berri bat izendatzen dute edizioz edizio, urtebete lehenago iragarritakoa. Aurtengoan, Joxe Mari Galarraga, Aginagako Galdagorri etxekoari eman diote ongi etorria, "batez ere, kofradiari izandako leialtasunagatik. Azken urteotan, urtero-urtero hemen zaude bazkaltzen gurekin".

Kofradekide izateko kapa eta txapela jantzi du Galarragak. Lurra lantzeko tresnaren, laiaren laguntzaz bideratu dute gero, zin egitea. Sagardotegi ataritik barrura kofrade kideek trikitilari eta panderojolearekin kalejiran hasitako hitzordua kantuan borobildu dute, ez edozein abestirekin; kofradiak duen ereserkiarekin baizik.

Kide izendatu berriak hitz batzuk esango ote zituen galdetuta, bertsotan aritu zen pozarren, albiste honi atxikitako bideoan ikusi eta entzun dezakezuen moduan.

Eskainitako bazkariagatik Saizar sagardotegia eskertzearekin batera, 2027ko izendapena iragarri zuten ekitaldiaren amaieran. Urtebete barru, Iarbeko Damaso Lizaso izango da kofradia honetara batuko den hurrengo kidea. Aurtengo edizioan, bertan izan da.


BABA BELTZ TXIKIA
Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?

Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta "tirrit eta tarrat"
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia! 

Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!