2026-27

Emakumeon Etxeko ikastaroetan izena emateko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria

Astelehen honetatik, irailaren 14tik 25era eman ahalko da izena, Usurbilgo Emakumeon Etxeko ikastaroetan. 2027. urtarrilera arte, gainera, kultur ekitaldi hainbat antolatu dituzte. Orain arteko aholkularitza zerbitzuei segida emango diete, gainera, Kalezarko Pelaioenean.

Ikastaro eskaintza zabala iragarri du Emakumeon Etxeak hurrengo hilabeteotarako. Horrez gain, kultur ekitaldi hainbat; liburu aurkezpenak, hitzaldiak... Horrez gain, orain arteko aholkularitza zerbitzuei segida emango diete. Asteotan jakinarazi dituzte datorren urtarrilera arteko prestaturiko eskaintza oparoari buruzko xehetasunak.

Trebakuntza saioei dagokienean, izena astelehen honetatik, irailaren 14tik 25era eman ahalko da. Antolatzaileek argitu dutenez, trebakuntza saiook doakoak izango dira baina izena ematen dutenen aldetik parte hartzeko "konpromisoa beharrezkoa da". Ikastaro bakoitzean, taldea osatzeko gutxienez sei kideek eman beharko dute izena.

Bestalde, izen-emateek aurreikusitako plaza kopurua gaindituz gero, "itxaron zerrenda osatuko da eta zozketa bitartez esleituko dira". Izena emandakoei lekua baduten edo ez "inskripzio-orrian eskatu duten bidea erabilita" jakinaraziko zaie.

Azkenik, ikastaro bakoitza abiatu ostean, "utzi nahi dutenek dinamizatzaileari eta Parekidetasun Saileko arduradunari jakinarazi beharko diote".

Harrera ordutegia: astearte eta ostegunak 12:00-14:00 / 17:00-19:00.
943 37 71 12
688 63 44 39 (WhatsApp zenbakia)
emakumeonetxea@usurbil.eus

Ikastaroak
Twerk (Booty Dance)
Irakaslea: Ikerne Mendieta Uskola.
Saioen egutegia: urriak 25, azaroak 22, abenduak 6 eta urtarrilak 24 (igandeak).
Ordutegia: 10:30-14:30.
Lekua: Oiardo Kiroldegia.
Hizkuntza: elebitan.
Zehaztasunak: "Mendeetan zehar emakumeen gorputzak, uteroak eta aldakak atrofiatu dituen gizarte gaixo batek sortutako gaitzak pairatzen ditugu oraindik. Gorputzetik osotasunez eta zintzotasunez jarduteko behar horretatik sortzen da mugitzeko proposamen hau. Gorputz zapalduen, estigmatizatuen, epaituen, zaurituen, gutxietsien, ezezagunen, eta berezko gaitasunetik eta indarretik deskonektatuen sendabide eta askapen gisa, hain zuzen ere. Utero eta aldaken mugimendu naturala, sentsualitatea eta norbere gorputzarekin jolastuz gozatzeko gaitasuna berreskuratzeko. Mugimendua osasun eta plazer iturri bizitzeko".

Oinarrizko elektrizitate ikastaroa
Irakasleak: Zubietako Lanbide Eskolako emakumeak.
Saioen egutegia: azaroak 2, 4, 16, 18, 30 (astelehen eta asteazkenak).
Ordutegia: 17:00-20:00.
Lekua: Zubietako Lanbide Eskola.
Zehaztasunak: "Etxean, ohiko lanez gain, tarteka sortzen dira beste zenbait behar. Lanpara hondatu da edo entxufe batek ez du funtzionatzen. Iturriak ura galtzen du eta komuneko bonbak ez du ondo ixten. Apal bat jarri nahi dugu edo lekuz aldatu nahi dugu. Hormak pintatu behar ditugu, edo zenbait konponketa egin ostean txukundu egin nahi ditugu. Ikastaroaren helburua da sor daitezkeen beharrei aurre egin eta konponketa txikiak egiteko oinarrizko ezagutzak eskuratzea: tresnak ezagutu eta erabiltzen ikasiko dugu, beldurra galdu eta konfiantza hartuz".

Zoru pelbikoa
Irakaslea: Eneritz Gallastegi Lazkano.
Saioen egutegia: urriak 8 - abenduak 10 (ostegunak).
Ordutegia: 17:00-19:00.
Lekua: Emakumeon Etxea.
Hizkuntza: elebitan.
Zehaztasunak: "Emakumeok, bizitzan zehar, gure zoru pelbikoan eta gure ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi ditugu; erditzea, hormona gora-beherak, lanean jardutea, kirola praktikatzea... Garrantzitsua da gune horretako muskulazioa prestatzea; bada, ikastaro honek osasunarentzat hain garrantzitsua den arlo hau sentitzen, ulertzen eta hobetzen lagunduko digu".

Batukada feminista
Irakasleak: Arantza Albizu Escobar eta Ainara Sarasketa Alberdi.
Saioen egutegia: urriak 5 eta 26, azaroak 9 eta 23, abenduak 14 eta urtarrilak 18 (astelehenak).
Ordua: 18:00-20:00.
Lekua: Aginagako Eliza Zaharra.
Zehaztasunak: "Musikara gerturatu eta ondo pasatzeaz gain, beste emakume batzuekin batera talde-lanean aritzeko, sormena landu eta autoestimua handitzeko. Denok garelako musika egiteko gai, baita gauza berriak sortzeko ere. Irudimena landu eta besteak entzuten ikasteko. Emakumeok kalera irten eta espazioak okupatu bitartean jendeari gozarazteko".

Emakume filosofo errepublikazaleak etxe bila erbestean
Irakaslea: Marisa Hurtado.
Saioen egutegia: urriak 14 eta 28, azaroak 11 eta 25, abenduak 9 eta 16, urtarrilak 13 eta 27 (asteazkenak).
Ordutegia: 18:00-20:00.
Lekua: Emakumeon Etxea.
Hizkuntza: gaztelaniaz.
Zehaztasunak: "Ikastaro honetan emakume filosofo feministekin batera ibiliko gara Espainiako II. Errepublikaren (1931-1936) euforia-urteetan, baita munduan zehar espazio propio baten bila egiten duen erromesaldi tristean ere. Clara Campoamor, Maria Zambrano eta Maria Teresa Leonentzat filosofatzea zapaltzailearen aurkako erresistentzia-ekintza bat da, eta zoritxarra existentziaren esperientzia ulertzeko eta eraldatzeko bide baten adibide izango dira".

Arnasa hartu eta sentitu
Irakaslea: Johanna Bermeo – Maitelen Koop. Elk.
Saioen egutegia: urtarrilak 16 eta 30 (ostiralak).
Ordutegia: 17:00-19:00.
Lekua: Emakumeon Etxea.
Hizkuntza: gaztelaniaz.
Zehaztasunak: "Arnasa hartu eta sentitu" Usurbilgo emakume zaintzaile profesional eta afektiboei zuzenduta dago, haien ongizate fisikoa eta emozionala indartzeko helburuarekin. Bi tailer praktikoren bidez, parte-hartzaileek estresa kudeatzeko, gihar-tentsioak prebenitzeko eta autozainketa sustatzeko tresnak eskuratuko dituzte. Prebentzioko, autozaintzako eta elkarri laguntzeko guneak sustatu beharrari erantzuten dio ekimenak, zaintzaren iraunkortasunerako funtsezkoa den kolektibo bati laguntzeko".

Mendi-irteerak
Irakaslea: Patri Espinar Labian.
Saioen egutegia: urriak 3, 31 eta abenduak 12 (larunbatak).
Ordutegia: 09:00-14:00.
Hizkuntza: elebitan.
Zehaztasunak: "Emakumeentzako mendi-irteerak gidatuak, natur-eremuetan eta mendietan ibilbide gidatuetaz gozatzeko aukera izango dugu mendi-gidari baten laguntzarekin, beste emakume batzuekin batera, naturaz gozatzeko aukera paregabea".

Biodantza
Irakaslea: Eider Zuriarrain Bergara.
Saioen egutegia: urriaren 6tik urtarrilaren 26ra (astearteak).
Ordutegia: 17:30-19:00.
Lekua: Emakumeon Etxea.
Zehaztasunak: "“Biodantza” musika, mugimendua eta emozioa uztartzen dituen jakintza bat da. Musika eta mugimenduari esker, bakoitzak bere pentsamenduen, sentimenduen eta ekintzen kontzientzia hartzen du. Hasteko norbere burua ondo zainduta, ondoren ingurukoekin harremanak izateko. Besteekiko enpatia garatzen da, eta afektuan oinarritutako harremanak sortzen dira. Autoestimua hobetzen da, eta maitatzeko gaitasuna handitzen laguntzen du. Adin guztietako emakumeei zuzendua dago eta ez da aurretik dantza egiteko esperientziarik behar".

Kultur ekitaldiak
-Urriak 1, 18:00 Onintza Enbeitak idatzitako "Bizitza baten txatalak, andre bat lurrari emana" liburuaren aurkezpena, egilea bertan dela.
-Urriak 21, 18:00 Hitzaldia: "Emakumea, gorputz-irudia eta kirola: presioetatik ongizatera”. Hizlaria: Naroa Miralles.
-Azaroak 13, 17:00 Hitzaldia: "Emakumea eta ariketa fisikoa". Hizlaria: Agurtzane Alkorta Urdampilleta herrikidea.
-Abenduak 17, 18:00 Oihana Aranak idatzitako "Zerua hemen" liburuaren aurkezpena bertsotan. Idazlearekin batera ekitaldian parte hartuko dute Uxue Alberdik eta Miren Amurizak.
-Urtarrilak 21, 18:00 "Itzali eta piztu" bertso-saio musikatua. Bertsolari parte hartzaileak: Ane Labaka, Eli Pagola eta Maddi Aiestaran. Musikariak: Manex Pagola eta Aner Peritz. Gai-emailea: Ainhoa Urien.


Zerbitzuak
Liburutegi feminista

Zaintzaile profesionalentzako arreta eta aholkularitza (Maitelan Zaintza Kooperatiba)
Ordutegia: 15:00-18:00.
Zehaztasunak: "Zaintzaile profesionalek euren jardunean izan ditzaketen arazo edo bestelako zalantzak argitzeko zerbitzua".
Aurrez aurreko aholkularitza (ostiralak, 14:00-18:00): irailak 25, urriak 30, azaroak 27, abenduak 18 eta urtarrilak 29.
Talde dinamikak (ostiralak, 17:00-19:00): irailak 11, urriak 9, azaroak 13, abenduak 11 eta urtarrilak 15.
Hitzordua eskatzeko: sarea-red@maitelan.eus / 633 17 73 21.

Aholkularitza juridiko eta psikosoziala (Irule Abokatuak Taldea)
Egutegia: irailak 16, urriak 14, azaroak 18, abenduak 16.
Ordutegia: 15:00-18:00.
Zehaztasunak: "Zerbitzu honen bitartez, gai konplexuei buruzko informazio juridikoa eskaintzen dugu: banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio-prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu-pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenak ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoak kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, gizarte-laguntzak eta bestelako kontsultak".
Hitzordua eskatzeko: emakumeonetxea@usurbil.eus / 943 377 112.

Aholkularitza psikologikoa (Sortzen Consultoria)
Egutegia: irailak 14 eta 28, urriak 5 eta 19, azaroak 16 eta 30, abenduak 14.
Ordutegia: 15:00-19:00.
Zehaztasunak: "Zerbitzuaren xedea da pertsonen autoezagutza, ahalduntzea eta autonomia sustatzen duten tresnak ematea da, norbanakoaren ongizaterako eta gizarte-eraldaketarako. Ikuspegi psikosozial, humanista eta transfeminista bermatuz eskaintzen da zerbitzua".
Hitzordua eskatzeko: emakumeonetxea@usurbil.eus / 943 377 112.


Informazio gehiago:
Helbidea:
Belmonte kalea 8 (Kalezar).
Ordutegia:
astearte eta ostegunetan, 12:00-14:00 / 17:00-19:00.
E-posta helbidea: emakumeonetxea@usurbil.eus
Telefono zenbakia: 943 37 71 12 / 688 634 439 (Whatsapp).
Sare sozialak:
Facebook: @UsurbilgoEmakumeonEtxea
X: @UsurbilEmakumea
Instagram: @usurbilgoemakumeonetxea
Whatsapp: Usurbilgo Emakumeon Etxeko kanala

Eskuorria: 2027. urteko urtarrilera arteko Usurbilgo Emakumeon Etxearen eskaintza