Bankako Menditarren ahots ederrek hartu dute Kalezarko plaza

Noaua Aldizkaria

Kalezarkoa ahots ederren plazan bilakatu dute Bankako Menditarrek larunbat honetan, Belmonte Auzo Elkarteak antolaturiko emanaldian.

Gitarra eta akordeoi bat osagarri moduan zituzten arren, ahots ederrak gailendu dira larunbat arratsalde honetan, irailaren 26an, Kalezarko plazan. Izan ere, Bankako Menditarrak bisitan izan ditugu gaurkoan. Belmonte Auzo Elkarteak antolaturiko kantaldian, euskal abesti ezagunak hartu dituzte ahotan, eta nola gainera. "A capella" abesten du Nafarroa Behereako aipatu udalerriko taldeak. Euskal kantugintza tradizionala jorratzen du.

Gaurko emanaldiaren aurretik, Usurbilgo Kantu Taldeak 2024ko abenduan, orduko ikasturtea borobiltzeko Bankako Menditarrekin kantu-bazkaria antolatu zuen. Bueltan izan ditugu larunbat honetan, Kalezarko Belmonte Auzo Elkartearen eskutik.

Kalezarko erdiguneko plaza bete dute kantuzaleez. Parte hartzailea izan da emanaldia, elkarrekin kantuan aritzeko aukera izan dute talde gonbidatuko kideek, antolatzaileek nahiz bertara joandakoek.