"Emakumea, gorputz-irudia eta kirola: presioetatik ongizatera" hitzaldia egin zuten bart Pelaioenean. Naroa Miralles osasun psikologoa izan zen hizlaria, baina hasieratik argi utzi nahi izan zuen "hitzaldi teoriko bat baino hitzaldi parte hartzailea" nahi zuela.
Eta horrela izan zen. Bertaratutako emakumeek haien esperientzia pertsonalak plazaratu zituzten Mirallesek azaltzen zituen datu teorikoekin batera.
Hasteko, psikologoak gorputz-irudia zer den azaldu zuen. Norberak bere gorputza nola ikusten zuen hori da gorputz-irudia. Autoestimuarekin lotura estua duela esplikatu zuen, eta horrek, kirola egitera bultzatzen duela.
Jolas baten bitartez gorputz-irudiaren mitoak eta egiak zein diren bereizi zituen. "Kirola egiteak ez du beti hobetzen gure gorputz-irudia" zen horietako bat. Esan zuenaren arabera, askotan geroz eta kirol gehiago egiteak ez du zertan gorputz-irudia aldatu, eta horrek kirola muturrera egitera eramaten ditu pertsonak. Izan ere, sare sozialen mundu honetan, etengabeko gorputz normatiboen irudi bonbardaketetako gorputzetara iritsi nahi du gehiengoak, eta kirola eredu horietara iristeko baliabide gisa erabiltzen du.
Horregatik, psikologoaren ustez, norberak bere buruari galdetu behar dio ea zergatik egiten duen kirola. Nahi hori ulertzeak eta identifikatzeak kirolaren esperientzia aldatzen baitu.