Itsasoa Usurbilen?

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2019ko abe. 2a, 19:27

Notizi mordoa entzuten dugu uneoro, egunero-egunero, asteko egun guztietan eta hilabete osoan zehar. Hainbeste dira, batzuekin ez garela akordatu ere egiten. Baina badira albiste batzuk barruraino sartzen zaizkigunak: entzundakoa interesgarria iruditu zaigulako, gertuko zerbait delako, haserrea sortu digulako, ez zaigulako sinesgarria iruditu edo dela delakoagatik. Kontua da albiste horrekin geratzen garela, arreta gehiagorekin jarraitzen dugula, buruan buelta batzuk ematen dizkiogula edo ingurukoekin komentatzen dugula.

Horixe pasa zitzaidan irailean irakurri nuen albiste batekin: 2100. urterako metro bat igoko da itsasoaren maila. Metro bat!? Ez naiz datu zehatzekin geratzen naizen horietakoa eta zenbakiekin galdu egiten naiz, baina itsasoa metro bat igotzea zer zen irudikatzen hasi nintzen. Zarauzko malekoira joan zitzaidan burua eta ura metro bat igota imajinatu nuen. Azken urteetan itsaso zakarra eta olatu handiak daudenean hondartzarik gabe geratzen baldin badira Zarautzen, zer gertatuko ote da 2100. urtean urak metro bat gorago badaude? Donostiako Ondarretan gauza bera. Metro bat gehiagorekin Ezeiza hoteleraino iritsiko da ura, eta aldaparik ez dagoenez, atzeko kaleetan barrena zabalduko da, Antiguo ingurura agian, eta atzera-atzera… Benta-berri auzoraino, unibertsitateraino, Lorea, Igara…  Añorga-txikira joateko aldapa hasten den lekura arte.

Irudi horiek etorri zitzaizkidan burura, eta hortxe geratu zen dena. Handik egun batzuetara, ordea, Oriotik Usurbila trenez nentorrela, leihotik kanpoaldera begira, berriro ere albistearekin gogoratu nintzen: metro bat igoko da itsasoaren maila. Eta ikusten nuen guztia itsasoaren maila metro bat igota irudikatzen hasi nintzen. Orioko plazara iritsiko litzateke ura, zeren itsasgora dagoenean eta umeak moilan uretara salto eginez ibiltzen direnean, metro bateko altuera baino gehiago ez dago. Trenean aurrera egin ahala Ortzaika ingurutik pasatakoan hango lurrak urez estalita irudikatu nituen. Aurrera aurrera segi eta Intxaurreta, gero Aginaga, gero Txokoalde, gero Kaparotz… Aginagako erriberak urez beteta geldituko lirateke eta zenbait etxetako ataritan panorama aldatu egingo litzateke: atera eta itsasoa berehala. Hondartza Orion egon beharrean Txokoalden egongo litzateke? Edo Santuenean? Zenbateko lekua jango lioke itsasoak Oria ibaiari? Non hasi eta non bukatuko litzateke bakoitza?

Albistean beste datu bat ere eman zuten: munduan 680 milioi pertsona bizi dira kostaldeko garaiera baxuko guneetan, 670 milioi goi mendietako guneetan eta 65 milioi irla txikietan. Lehen esan bezala, ez nintzen zenbakiekin geratu, baina bai ondorioarekin: itsasoaren maila igotzeak eta izotza urtzeak lekualdatze behartuak eragin ditzake. Eta berriz ere imajinatzen hasi nintzen: Aginagako edo Txokoaldeko etxe atarietaraino iristen bada itsasoa… agian San Estebanera edo Arratzain aldera joan beharko dute bizitzera. Akaso ibaietatik eta itsasotik gertuko lekuak baino seguruagoak izango dira mendi aldekoak; Aia, Larraul edo Orendain leku seguruak izan daitezke eta Donostia, Orio eta Zarautz ez. Mendialdeko herri txikiak jendez betetzen hasi litezke eta itsaso ondokoak hustutzen. Zergatik ez? Lehen ere aldaketa handiak gertatu izan dira historian zehar, eta itsasoa metro bat igotzea… ez da oharkabean pasatzeko moduko aldaketa.