Zer dute usurbildar hauek?

Erabiltzailearen aurpegia

Ume usurbildar bat iritsi da etxera eta:

-Ama, ama, konturatu gabe izan da, ez dut propio egin!!

-Zer gertatu da, bada? –amak okerrena pentsatuz–. Berokia galdu ote du, norbaitekin iskanbilaren bat, konpondu berri ditugun betaurrekoak puskatu…

Beste ume bat bizikletarekin gerturatu da parkean eserita dagoen aitarengana:

-Aita, bizikleta garbitu dezaket nonbait?

-Zer dela-eta?

Familia bat kotxea hartzera joan da haurrak ikastolatik atera direnean. Autoan sartu, ateak itxi eta abiatu direnean denak deseroso, zeozer arraroa sumatzen dute.

Beste ume taldetxo bat belardiaren erditik doa korrika; bat harrapatzen eta gainerakoak ahalik eta azkarren korrika, nondik doazen begiratu ere egin gabe ia.

Beste gazte koadrila bat lasaiago doa aldameneko espaloian behera, kontu kontari eta tarteka mugikorraren pantailari begira. Halako batean baten oihua entzun da eta besteen nazka aurpegiak eta komentarioak.

Usurbildar horiek denak herriko leku desberdinetatik pasa dira: espaloitik, belarditik, bidezidorretik, portal aurretik, denda paretik, kiroldegi ondotik, ikastola ingurutik, industrialde zabaletik, aldapatik zein ordekatik, ateri zenean zein euritan, hoztuta zein berotuta, presaka zein lasai-lasai, bakarrik edo taldean… Eta denei gauza bera pasa zaie. Zer? Asmatuko zenukete? Imajinatu dezakezue zer izan daitekeen? Zertan duten antza horiek denek?

“Familia bat kotxea hartzera joan da haurrak ikastolatik atera direnean. Autoan sartu, ateak itxi eta abiatu direnean denak deseroso, zeozer arraroa sumatzen dute”

Ba… txakur kaka zapaldu dutela!! Amarengana larri iritsi den umeak txakur kaka zapaldu du etxe ondoko espaloian; bizikletarekin zebilenak gurpilarekin zapaldu du; kotxean sartu den familia umearen oinetako azpiko txakur kakaren usainagatik zegoen deseroso; belarditik korrika zebiltzanek ez zuten denborarik belar arteko txakur kakak ikusteko, eta are gutxiago saihesteko; eta gazte koadrila horretakoak, nahiz eta txikitatik jakin espaloietan txakur kakak egoten direla, ez zuen espero zapaltzerik.

Edonori gerta dakioke, inor ez dago salbu, herritar batek esan zidan moduan, “auzoa minatuta baitaukagu”. Badaude bereziki leku batzuk… hortik pasa behar denean lau begirekin joan beharrekoak. “Gure txikiak denak zapaltzen ditu”, komentatu zidan beste batek. “Nik zepillo zahar bat daukat horretarako, zapaldutako txakur kaken arrastoak garbitzeko”, beste batek.

Ez daukat ezer txakurren kontra, baina bai haien kakak jasotzen ez dituztenen kontra. Txakur kakaren kiratsak ematen didan adinako nazka ematen dit jasotzen ez dutela ikusteak. Zer esanik ez, jasotzen ez dutena zapaltzeak edo norbaitek zapaldu duela ikusteak;  “Hara, hemen ere norbaiten hankak pasa dira. Gizajoa zapaldu duena, nori tokatu ote zaio gaur”, pentsatzen dut errukiz.

Horregatik eman dit izugarrizko poza aste honetan bi pertsona beren txakurren kaka jasotzen ikusteak. Halako poza ematen dit, gerturatu eta esan egin diedala. Esan egin diet poza ematen didala kaka jasotzen dutela ikusteak. Lehenengo pertsona asteartean ikusi nuen eta esan zidan bere txakurra bezperako arratsaldetik zegoela etxetik atera gabe, eta noski, ateratzen duenean kaka eta txiza egiten dituela, gainerakoek bezala. Gaineratu zidan, berehala nabaritzen dela lotuta dagoen txakurra noiz gelditzen den kaka eta txiza egiteko. Nahiz eta beste aldera begiratu, antzematen dela.

Txakurrarekin doanak antzematen duela, alegia. Bera txakur kaka jasotzen ikusi dut nik, eskutan bi poltsa zituela, eta ez zaio ongi iruditzen gainerakoek ez jasotzea. Asteazken goizean ikusi nuen bigarrena, hura ere poltsarekin belarditik ateratzen. Gerturatu eta esan egin nion hari ere pozten nintzela txakur kaka jaso zuela ikustean. “Bai, niri ere gustatzen zait zelaira joan eta lasai  ibiltzea” erantzun zidan.

“Usurbildar horiek denak herriko leku desberdinetatik pasa dira: espaloitik, belarditik, bidezidorretik, portal aurretik, denda paretik, kiroldegi ondotik, industrialde zabaletik... Eta denei gauza bera pasa zaie. Zer?”.