Zelaiak garbi behar ditugu

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2020ko api. 21a, 15:31

Konfinamendu garaian idaztea egokitu zait. Balkoira atera eta ingurura begira jarri naiz, eta une batez inguruak umez eta gaztez beteta irudikatu ditut. Korrika eta saltoka imajinatu ditut, etxe aurreko zelaian zilipurdika, baloiarekin atzera eta aurrera, udaberriko loreak hartzen... Eta helduak ere imajinatu ditut belarretan eserita tertulian, garagardo batzuk hartzen, belarraren gainean hanka hutsik, mantak zabaldu eta bazkaltzen, meriendatzen edo afaltzen, banaka, bosnaka edo hamabosnaka.

Ez dakit zergatik, baina kalera ateratze hori zelaian imajinatu dut; hainbeste egun etxe barruan egon ondoren, hormigoia eta harria baino erakargarriago egiten zaizkit belarra eta lurra, denok gusturago hartuko dugula iruditzen zait. Udaberriko belar berdeak arnas garbiagoa eskainiko digula eta aire librean gaudenaren sentsazioa handiagoa izango dela.

Baina nire imajinazioa tupustean bertan behera erori zait. Laino beltz bat etorri balitz bezala. Ikusi dudanak irudi eder hori itsusitu dit. Pareko etxeko bizilagun bat etxera sartzera zihoan bi txakurrekin eta horietako batek kaka egin du etxe aurreko zelaian. Jabeak ezikusiarena egin eta etxera sartu da bi txakurrekin. Ondorioa: txakur kaka zelaian geratu da. Bigarren ondorioa: ume edo heldu bati zelaira joatea bururatzen bazaio, kaka zapaldu dezake. Hirugarren ondorioa: umeei ez zaie zelaira joaten uzten eta helduek ez dute belarra zapaldu ere egiten “minatuta” egon daitekeelako. Laugarren ondorioa: zelaiak txakurrentzat dira. Bada ez, ez luke horrela izan behar.

“Orain, konfinamenduan txakurren txanda da, gero gure txanda izan behar du,

eta zelaiak garbi behar ditugu”

Konfinamendu garaian txakurrak hor dabiltza inguruko zelaietan. Ateratzeko baimena eman zaie, eta inbidia ematen dute, hori hala da, bai beraiek eta bai haien aitzakian atera daitezkeen jabeek. Ez diet aukera hori kendu edo ukatu nahi, ez noa eztabaida horretan sartzera. Nahi dudana da gero, gu eta umeak ateratzen garenean, beraiek ibili diren bezala ibiltzeko aukera izatea. Txakurrak bezala ibiltzea gu ere zelaian zilipurdika, atzera eta aurrera hanka hutsik, lasai. Eta horretarako, txakur kakarik gabeko zelaiak behar ditugu. Orain, konfinamenduan txakurren txanda da, gero gure txanda izan behar du, eta zelaiak garbi nahi ditugu. Hori da aldarrikatzen dudana.

Beraz, mezu bikoitza luzatu nahiko nuke. Bata txakurren jabeei; mesedez, jaso itzazue zuen txakurren kakak. Badakigu batzuk egiten duzuela eta horrela jarrai dezazuen nahi dugu. Beste batzuk, berriz, hasi zaitezte behingoz beste herritarrak bezala jokatzen. Errespetuagatik.

Eta bigarren deia Udalari egin nahiko nioke: mesedez, bermatu konfinamenduaren ondoren herriko zelaiak eta belardiak txakur kakarik gabe egongo direla. Agian garbiketa berezi bat egin beharko da, belarra moztu... ez dakit nik zer. Artzabalgo zelaiak, Errekatxikiko errekaren ingurua, Bizkarreko zelaia, kiroldegi eta ikastola aurreko belardia, San Estebango parkea... herrian ditugun berdeguneak umeentzat, gazteentzat eta helduentzat prest eduki behar ditugu konfinamendua bukatu ondoren bertan lasai esertzeko, etzateko, korrika ibiltzeko edo bakoitzak nahi duena egiteko. Itxialdian txakurren txanda izan da, gero gure txanda izan behar du. Behar dugu.

“Nahi dudana da konfinamenduaren ondoren, gu eta umeak ateratzen garenean, zelaian txakurrak ibili diren bezala ibiltzeko aukera izatea”.