Pippiren sorreran istorio bitxi bat dago, bere istorioak ere bitxiak eta apurtzaileak dira, eta are bitxiagoa da oraindik galdu ez duen gaurkotasuna. Astrid Lindgrenek 7 urteko alaba pneumoniak jota omen zuen etxean eta hari istorioak kontatzen omen zizkion denbora pasatzeko. Egun batean, Pippiren istorioak asmatzen eta kontatzen hasi zitzaion alabari. Urte batzuk beranduago, istorio horiek bildu eta liburua alabari oparitu zion urtebetetze egunean.
Alabari bakarrik ez, gainerako umeei ere istorio horiek irakurtzeko aukera eman nahi zienez, argitaletxe batera jo zuen Lindgrenek, baina oztopoak izan zituen. Azkenean, Raben&Sjogren argitaletxearen lehiaketa batera aurkeztu zen, eta baita irabazi ere. 1945ean argitaratu zen lehendabiziko liburua Suedian eta Hego Euskal Herrian zentsuratuta egon zen 1970eko hamarkada arte.
Zer zuen, bada, neska ilegorri hark zailtasun horiek izateko edota zentsuratua egoteko? Ikuspegi askotatik zela apurtzailea eta ezohikoa. Orain dela 75 urteko gizartean —eta gaur egungoan ere— batere ohikoak eta onartuak ez diren jarrerak azaltzen ditu Pippik. Irakurri edo ikusi besterik ez dago Tommy eta Anikak jartzen dituzten aurpegi arraroak Pippik egiten eta esaten dituen gauzen aurrean. Tommy eta Anikaren etxera joandakoan ez da isilik geratzen, pentsatzen duena esaten du bai umeen eta baita helduen aurrean ere, ez du lotsarik eta bere asmoa ez da neska txintxoa izatea. Ez dio batere erreparorik ematen lagunen etxeko mahai gainean dauden tarta puskak eskuekin hartu eta bata bestearen atzetik jateak lagunen ama eta beste emakume batzuk aztoratzen diren bitartean eta edukazio txarreko neska dela dioten bitartean; gose da, mahai gainean jateko daude eta inork ez du esan bakarra jan behar denik, beraz... Ausarta eta librea da eta denak ahozabalik uzten ditu bere bat-batekotasunak eta naturaltasunak.
Lagunak bere etxera gonbidatzen dituenean etxean nahi dutena egin dezaketela esaten die, eta harrituta begiratzen diote. Abentura bila dabil beti, alai eta zoriontsu. Eta umorerik galdu gabe, hori ere bada Pippiren ezaugarri bat: sortzen zaizkion egoerak eta abenturak umorez hartzen ditu beti, alderdirik positiboena ateraz eta ondo pasaz.
Gurasorik gabe bizi da eta hori ere erabat apurtzailea da. Familia eredu desberdinak egon zitezkeela esaten aspaldi hasi zen Lindgren egilea. Osaba Txiki zaldia eta Nilsson jauna tximua bizi dira berarekin eta haiekin osatzen du familia, gehi tarteka agertzen den aita piratarekin.
Ikuspegi feministatik erabat urratzailea da: ez dio garrantzirik ematen polita eta liraina izateari, eroso janztea eta ibiltzea da axola zaiona; orduko eta egungo gizarteak bultzatzen dituen neska ereduaren kontrako diskurtsoa du. Are gehiago, diskurtsoaz gain, praktika ere bai: esan eta egin. Ez da gainerako emakume asko bezala bazterrean lotsatuta geratzen, plazaren erdian lasai eta eroso moldatzen da, ahaldunduta.
Ingurukoek ez dute begi onez ikusten Pippiren autonomia eta ausardia, baina berari bost axola, desobedientea izan behar bada eta horretarako arrazoiak baldin baditu, aurrera egiten du. Ezaugarri horiekin, nola ez da, bada, eredu izango gaur egun ere?