Eta horrela jarraitzen du: “Itzuli gure tokirik esanguratsuenetara eta aurkitu berriak, ikasi gehiago tokiko historiari buruz eta ezagutu gure pertsonaia ospetsuenak. Gure J. S. Elkanok burututako Munduari lehen biraren V. mendeurrenaren ospakizunean, bidaia desberdin samarra proposatzen dizuegu. Desberdina, baina zirraragarria: izan zaitez bidaiari gure lurraldean! Gipuzkoa txikia da, baina oso aberatsa. Egitasmo eta jarduera ugari eskaintzen ditu, berezi egiten dutena. Agian pentsatuko duzu horietako asko ezagutzen dituzula, baina 50 esperientzia hauek begiratu ondoren, Gipuzkoa uste zenuena baino askoz gehiago dela jabetuko zara, seguru. Ez ahaztu “check” ikurra jartzea egiten duzun guztian!”.
Ez dakit nola funtzionatzen duen, zer esan nahi duen “check” horrek eta zein diren 50 esperientzia horiek. Agian egitasmoa eta planteamendua interesgarriak eta erakargarriak izango dira, ez dakit, baina ni izenean geratu naiz: Gipuzkoa Passport. Galdera bat sorrarazi dit berehala: guretzat, gipuzkoarrontzat, euskaldunontzat baldin bada, eta Gipuzkoako lekuetarako gonbidapena baldin bada, zergatik passport? Zergatik ez pasaportea? Hitz hori existitzen da euskaraz, ezta? Euskaltzaindiak onartuta dago, ulertzen dugu eta erabil daiteke. Passport-ek beste kategoria bat ematen ote dio? Moderno itxura agian? Nazioarteko ikuspegia? Beste dimentsio bat? Beste “ukitu” bat? Eta hala bada, zer “ukitu” klase? Galderak dira, eta ez daukat erantzunik. Gustura galdetuko nioke Andu Lertxundiri zein den bere iritzia, zer uste duen azkenaldian hainbat erakunde, jarduera eta abar izendatzeko euskara alboratu eta ingelesa erabiltzeari buruz.
Zeren Gipuzkoa Passporten kasua ez da bakarra. Hor ditugu Basque Culinary Center, Bilbao Exhibition Center, Made in Euskadi, BBK Live, Urdaibai Bird Center, eta oraintxe burura etortzen ez zaizkidan beste batzuk. Agian argudio sendoko arrazoiak egongo dira horretarako, ez dakit. Baina Gipuzkoa Passportena gehitxo iruditu zait, batez ere euskaldunoi eta bertakooi begira egindako eskaintza bat baldin bada. Zeren gauza bat modernoa izatea da, baina… ez ote da gehitxo?
Ingelesez badakigu, baina euskaraz ere ederki ulertuko genuke. Atzerrira eta kanpora joaten garenean ez dugu inolako eragozpenik izaten ingelesa erabiltzeko, baina hemen, etxean, ez daukagu horretarako beharrik. Gurearekin ongi moldatzen gara eta gure aldameneko herrietara, mendietara, museoetara edo txokoetara joaten baldin bagara, edo gure historia gertuagotik ezagutu nahi baldin badugu, euskaraz askoz hobe izango da, ezta? Euskaraz hitz egin Gipuzkoako herrietako jendearekin, euskaraz irakurri han eta hemen jarrita dauden azalpenak, Historia bertako hizkuntzan ezagutu… Eta horretarako, ez dugu passportik behar, pasaportearekin ederki moldatzen gara. Gurea maite badugu eta gureari benetako lekua egin nahi baldin badiogu, euskaraz inolako lotsarik eta konplexurik gabe egin diezaiokegu.