Izan daiteke ilargirik gabeko gaua, farolarik gabeko kalea, igogailurik gabeko etxea, gurpilik gabeko bizikleta, kristalik gabeko leihoa, txapelik gabeko zira, patrikarik gabeko galtzak edo Sagardo Egunik gabeko Usurbil. Denei falta zaie zerbait perfektua izateko, edo gutxienez hobea izateko —perfekzioa ez dela existitzen uste bada—. Hori gabe zerbait falta da, ez gaitu erabat asetzen. Eta horrela utzi ditu usurbildar asko trenbiderako oinezko bide berrituak. Premia bazuen eta txukun geratu da, lehen baino hobeto dago, baina... zerbait falta zaio: trenbidearen beste alderaino luzatzea.
Zubia luzeagoa balitz eta beste alderaino iritsiko balitz, errepideaz gain trenbidea ere gainetik pasatzeko aukera egongo litzateke. Horrela, Santueneako auzotarrek ez lukete trenbidea pasa beharrik izango. Zubietako buelta ematera doazenek ez lukete trenbidea gurutzatu beharrik izango. Santuenera edo erriberara doazenek ez lukete tren ordutegiaren peskizan ibili beharrik izango. Ume-gurditxoarekin trenbidea gurutzatzen dutenek ez lukete arrisku hori bizi beharko. Taldean bizikletan elkarren atzetik presaka eta estu pasatzen direnak ez lirateke kezkatuko. Bastoiarekin mantso joaten denak ez luke pausoa azkartu beharrik izango.
AINHOA AZPIROTZ
“Izan daiteke ilargirik gabeko gaua, igogailurik gabeko etxea, kristalik gabeko leihoa, patrikarik gabeko galtzak edo Sagardo Egunik gabeko Usurbil. Denei falta zaie zerbait”
Aspalditik agerikoa den puntu beltzak beltz-beltza izaten jarraitzen du. Eusko Trenbideak-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Usurbilgo Udalak urteak daramatzate egoera honi irtenbiderik eman gabe. Ez dakit zergatik. Ez dut ezagutzen benetako arrazoia. Ez dakit zein den arazoa, zergatik ez den posible izan pasabidea luzatzea oraingoan ere.
Eta bitartean puntu beltza, beltz; ume-gurditxoak, ibiltarien oinak eta bizikleten gurpilak trenbide gainetik pasatzen alde batera zein bestera, goizez eta arratsaldez, euritan zein ateri denean.
Eta hori gutxi balitz, egunero irakurri behar horko kartelak. Zeren, kartelak eta abisuak jarri, jarrita daude. Pasabidean “kontuz trenarekin alde bietatik” jartzen du. Abisatu, abisatuta gaude, baina halere hortik pasa beharra dago, ez dago beste aukerarik.
Geltoki aldera beste bi kartel ere irakurri daitezke. “Debekatuta trenbide gainetik pasatzea” jartzen du batean. Horixe; nondik pasatzea iradokitzen digute, ba? Trenbide azpitik? Herri batzuetan posible da hori, lur azpiko pasabideak daudelako. Baina Usurbilgoan ez dago horrelakorik.
Hirugarren kartelean zera jartzen du: “tren batek beste tren bat ezkuta dezake”. Bale, ondo. Eta? Lepoa luzatu eta belarriak erne jarri arren, pasa, trenbide gainetik pasa beharra dago. Hori bai, ordutegia jakitea komeni, zein tren eta nondik norako norabidean etor daitekeen jakiteko. Ez gaitezela Txokoalde aldera begira egon eta Donostialdetik azaldu trena; edo alderantziz, Bizkarre aldera jiratu lepoa eta Orio aldetik azaldu trena.
Komiko samarra dirudi, baina kontua serioa da. Larria da trenbidea gurutzatu behar izatea horrek dakartzan arriskuekin. Hainbeste kostatzen ote da pasabidea luzatzea? Akaso auzolanean luzatu beharko da. Seguru herrian badela nahiko igeltsero, ingeniari, arkitekto, topografo eta boluntario hori taxuz errematatzeko. Agian hori litzateke soluzio azkarrena eta eraginkorrena. Bai, auzolanean egiteko gogoa ematen du.