Hazi Hezi haziera eta heziketa aldizkariaren 34. zenbakian Felix Zubia Donostia ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateko medikuak dio koronabirusa berria dela, ezezaguna, eta esperientziaz ikasten ari garela, askotan pauso okerrak emanez ere bai. “Hasiera hartan fokua haurrengan hainbeste ezartze hori izan da hutsetako bat; martxoan uste zen edo bederen hala zabaldu komunikabideetan, haurrak beste giza taldeak baino birus-eroalegoak zirela, baina gerora ebidentziek erakutsi dute ez dela hala; denborak erakutsi du, baita ere, haurrengan ez duela eragin latzegia Covid-19ak, eta haur gehienek sintoma gabe pasatzen dutela gaixoaldia. Hala ere, eurak izan dira neurri zorrotzenak pairatu dituztenak, eskolak eta jolastokiak eurei itxi zitzaizkien lehendabizi, eta helduak lanera eta erosketak egitera irten zitezkeen bitartean, konfinaturik luzeen egin zutenak izan ziren”.
Zubiaren esanetan, haurrekiko eta helduekiko harturiko erabakiak ez dira orekatuak izan; “Burugabekeria batzuk ere egin ziren, eskolak itxi zituzten egunean pintxo potea izan zen, adibidez. Edo haurrak etxean itxita denbora gehiegiz mantendu ziren, helduak kalean genbiltzan bitartean”.
“Helduei onartzen zaizkien gauza batzuk umeei eta gazteei ukatu egiten zaizkie”
Aldizkari berean Gontzal Martinez de Hidalga pediatrak halaxe dio: “Pandemiaren hasieran ezjakintasunagatik akats asko egin izan dira. Umeekin, bereziki, gauza asko onartu ziren inolako frogarik gabe. Arnas-bideetako beste infekzio batzuetan, gripean besteak beste, umeak dira kutsatzen diren lehenak eta, hortik abiatuta, suposizio okerrak egin ziren. Orain badakigu ez dela horrela. Umeek pairatu zuten konfinamendu zorrotza akats larria izan zen”.
Burugabekeriak. Suposizio okerrak. Akats larria. Hitz horiek darabiltzate mediku horiek lehenbiziko neurriak deskribatzeko. Orain proba gehiago eta ebidentziak daude, eta halere, lehengo lepotik burua?
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak dekretu bat atera zuen azaroaren 9an aire zabaleko jarduera fisikoa eta kirola arautzeko. 37 puntu ditu. 16.nak honela dio: “Ikastaroak edo jarduerak taldeka egin daitezke? Gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak bakarrik egin ahal izango dira, betiere maskara erabiliz, 6 laguneko taldeetan gehienez, eta aforoa edukieraren ehuneko 40ra mugatuta badago”.
Baina, horrek ez du balio umeentzat, 34. puntua dator hori esatera: “Zein jarduera egin dezakete eskola kirolean parte hartzen duten umeek? Eskola Kirolaren Programan izena emanda dauden erakundeetan (kirol-klubetan, guraso-elkarteetan eta ikastetxeetan) irakaskuntzako barne-jarduera guztiak (entrenamenduak) bertan behera geratzen dira”.
Zergatik sartu behar da 34. puntua 6 eta 16 urte bitartekoentzat? Helduei onartzen zaizkien gauza batzuk umeei eta gazteei ukatu egiten zaizkie, jakin arren bidegabekeria eta akats larri izan direla. Zergatik egiten da berriro ere gauza bera?
Gero ez daitezela etorri esanez pantailen aurrean ordu gehiegi pasatzen dituztela ume eta gazteek eta gizentasuna arazo orokor bihurtzen ari dela.