Sutegiko butakatik

Sutegiko butakek eskaini dutena berezia izan da; bi aldeengan sumatu da grina, emateko eta hartzeko gogoa, butakatik txaloak joz eta oholtzatik onena eskainiz eta denak elkarri eskerrak emanez.

Urte berria hasita, desioez, ametsez eta helburuez hitz egiteko momentua izan ohi da. Eta baita urte zaharrari errepasoa egitekoa ere, zerekin gogoratu nahi dugun eta zer ahaztu nahi dugun erabakitzekoa. Eta niri, 2020ko azken hilabeteei begira jarrita, Sutegiko besaulkietara joaten zait oroimena. Murrizketak, protokoloak eta neurriak gorabehera, Sutegiko butakek goxo eta abegikor hartu gaituzten sentsazioa zabaltzen zait gorputzean.

 

Paper zuriaren gainean X gorria zuten besaulki hotzen ondoan, betiko butaka beltz-grisak epel egon dira, gure zain. Kanpoan hotza, euria eta haizea hasi denean, babesleku goxo eta estimatu bihurtu dira. Tabernak eta kirol instalakuntzak itxita egon direnean, Sutegiko butaketan esertzeko aukera zabalik egon da. Eta nik asko estimatu dudan habia izan da.

Komunikabideen titularretan behin baino gehiagotan entzun dugu kulturari nolako zaplaztekoa eman dion pandemiak eta kultura arloan oholtza gainean zein atzean aritzen diren artista eta langileen prekarietatea zenbat areagotu den. Hori horrela izanda, Sutegiko besaulkietatik egoeraren beste aurpegi bat ikusi dugu: artista horien gogoa eta ilusioa jendaurrean aritzeko, duten onena emateko, haien kultur lanak eta harribitxiak guri erakusteko eta gure arima elikatzeko. Gogotsu eta oso eskertuta ikusi ditugu.

Besaulkietan geundenok eskertu gaituzte, bertaratzeagatik; eta baita antolatzaileak ere, tranpaldo gainera igotzeko aukera emateagatik. Besaulkietatik ez ditugu ikusi eszenatoki gainean antolatzaileak, baina badakigu hor ibili direla, eta horien ahaleginagatik ere egon gara goxo eta gustura Sutegiko butaketan.

“2020ko azken hilabeteei begira jarrita, Sutegiko besaulkietara joaten zait oroimena, asko estimatu dudan habia izan baita”

Udalak hiriburuetan ikusi ohi diren emanaldiak ekarri dizkigu gure herri xumera; Noaua!ren eskaintza gero eta anitzagoa eta kalitatean gora egiten duen horietakoa da; Ziortzak, Hitz Ahok, Tadamunek eta Bota Punttubak harribitxi preziatuak ekarri dituzte haur, gazte eta helduentzat; Nafartarrak taldeak beti ikuspegi interesgarri eta berritzaileko hitzaldiak aurkezten ditu; Euskaraldiaren asteetan ere formatu txikiko zein handiko eskaintza izan da euskara ardatz hartuta; eta egun batean bat bestean beste bat, egun batean herritar batzuk eta bestean beste batzuk, butakak beti bero.

Kontua da urte bukaerako hilabete hauetan, pandemiaren ondorioek gure eguneroko bizitza baldintzatzen jarraitzen duten honetan, Sutegiko butakek eskaini dutena berezia izan dela. Xumetasunetik abiatuta, kulturaren garrantziaz hitz egitetik haratago, Usurbilen kulturari eta kulturako artista eta langileei lekua egin zaie, oholtza eskaini zaie, eta besaulkietan eserita geundenongan zerbait berezia eragin dute.

Bi aldeengan sumatu da grina, emateko eta hartzeko gogoa. Elkar elikatzeko ariketan murgilduta egon gara guztiok, butakatik txaloak joz, oholtzatik onena emanez eta denak elkarri eskerrak emanez, denak ase. Besteak beste, horrek sortzen duen plazera da urte honek utzi duen zaporea.

Orain, 2021ari begira, X gorria duten orri zuriak kentzea falta da, baina bitartean, Xrik gabeko butakek jarrai bezate herritarren habi epel izaten.