Herriko adineko bi emakumek Anaerrekako bidean egin dute topo.
- Eunon!
- Hara, hemen al haiz hi ere?
- Bai, eguneroko buelta ematera etorri naun, baina gaur goizago. Horregatik egin diñagu
- Ni ere egunero etortzen naun. Batzuetan buelta luzea egiten diñat, aizkolariaren egurrak dauden lekuraino, eta beste batzuetan motzagoarekin konformatzen naun.
- Bai, nik ere ohitura hartuta zeukanat eta gutxitan huts egiten diñat.
Herriko bi gizonezko helduk Bizkarre inguruan egin dute topo:
- Iepa motel! Zer habil?
- Hementxe, atzo konpondu nian bizikleta eta Andatza aldera joateko asmoz nabilek.
- Ez dik giro txarra egiten bizikletan ibiltzeko, ez.
- Eta gainera, azkeneko egunetan ez dik euririk egin eta lokatzik ez dek
- Hala dek, bai. Beno ba, ondo ibili eta gozatu.
- Saiatuko gattuk. Aio!
Ainhoa Azpirotz:
"GattuNk; “u” eta “k” arteko “N” hori galtzen ari gara, horrek dakarren guztiarekin"
Txiribogako petrilean herriko bi mutil gazteren arteko elkarrizketa.
- Hi, aurtengo Santixabeletako zeozer antolatzen hasi behar al diagu?
- Ez zekiat, baino elkartu behintzat egin beharko diagu.
- San Ferminak ez dituk ospatuko eta Santixabelak ere auskalo.
- Beno, besterik ez bada iazko antzeko zeozer egin zitekek, kultur bira eta mota askotako ekitaldiak.
- Jai Batzordea noiz elkartzekoa den galdetu beharko diagu
Herriko bi neska gazte autobus geltokian hizketan.
- Azterketako gai bat ez dut ondo ulertzen. Orain bidean karpeta atera eta ea esplikatzen didazun azterketa baino lehen.
- Estatistikakoa esan nahi al duzu?
- Bai, Cronbachen alpha.
- A bai, test edo azterketa baten fidagarritasuna edo barne trinkotasuna neurtzen du. Ez da zaila, ariketa pare bat egiten badituzu, segituan ulertuko duzu.
- Eta hau da formula, ezta?
- Bai, horixe da.
- Ederki, eskerrik asko.
Arrandegiko ilaran hizketan ari dira emakume heldu bat eta gizon heldu bat.
- Eremu gorritik atera omen gattuk.
- Bai, hala esan diten. Baina halere, neurriekin segi beharko diñagu.
- Guri ez zaiguk gertu-gertuan inor tokatu, baina gorrian egon baldin bagaituk herrian baten batzuk pasako ziaten.
- Bai, jendea ibili den anbulatoriora joan eta proba egiten.
- Kontua dek nola pasatzen dan; batzuk sintomarik gabe ia konturatu gabe pasatzen ditek, eta beste batzuk, berriz, gaizki; sukarra, gorputzaldi txarra…
- Bai, eta ezin diñagu Tokatzen dena tokatu eta aurrera egin beharra zagon.
Herriko bi gazte, bata mutila eta bestea neska, kiroldegira bidean gora doaz.
- Asteburuan partidua al daukazue? –galdetu dio neskak mutilari.
- Bai, kanpoan jokatzen diagu –erantzun dio mutilak neskari.
- Noren kontra jokatzen duzue? –berriz neskak mutilari.
- Ez zekiat seguru, baina uste diat Zarautzera joan behar diagula. Gaur esango zigutek –mutilak bueltan neskari.
Konturatu gabe, belaunaldiz belaunaldi, zerbait galtzen ari gara. Hitanoa, hika, pobretzen ari da. Adineko bi emakume noka garbian, bi gizon heldu elkarri toka, bi mutil gazte ere bai, baina… bi neska gazte zuka. Gizon-emakume helduak elkarrrekin toka-nokan, bi neska-mutil gazteak, berriz, hortik urruti: mutila neskari toka –neskaren belarrietara egiten duen minaz konturatu ere egin gabe‑, mutilen hika, nokarik ez dakielako; eta neska mutilari zuka, tokarik ez dakielako. Zerbait galtzen ari gara; hitanoa bera, emakumeen arteko noka eta gizonek emakumeengana zuzentzeko noka. Zerbait galtzen ari gattuNk: “u” eta “k” arteko “N” hori galtzen ari gara, horrek dakarren guztiarekin.