Usurbilen bi hilean behin izaten da odola emateko aukera, hileko lehen astelehenetan anbulatorioan. Beno, azken urtean, pandemia dela-eta, anbulatorioan partez Udarregi ikastolan prestatu dute lekua, eta herriko odol-emaileen elkarteko kideen partez Gipuzkoako Odol-Emaileen Elkarteko kideek bideratu dute. Gutxi gorabehera 40 emaile inguru biltzen dira bi hilean behin.
Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko zuzendari Sabin Urzelaik galdera bat egiten zuten berriki Gipuzkoako Hitzan egin dioten elkarrizketa batean: “Gu ez bagara odol-emaileak, nolatan pentsatzen dugu guretzat odola egongo dela?”. Arrazoi du. Norbaitek organo bat behar duenean ulertzen dugu zain egon beharra, organo hori emango dion inor topatu arte. Aldiz, ospitalean ebakuntzaren bat edo beste zerbait egitera joan eta odola eman behar baldin badigute, ez zaigu burutik pasa ere egiten odolik ez denik egongo. Normalean bai, odola egoten da, baina norbaitek eman duelako. Eta hori ez genuke ahaztu behar.
Gipuzkoan biztanleen % 3-4k ematen omen du odola, eta asko omen da, munduan ez omen dago batez besteko hori daukaten toki asko. Baina, hala ere, gutxi da, oso oinarrizkoa eta inportantea den ekarpena baita. Odol-emaile gehiago egotea edonorentzat da mesedegarria, inork ez baitakigu noiz behartuko garen. Orduan, zergatik ez egin odol-emaile? Zergatik ez egin hori besteengatik? Bi hilean behin, ez da hainbeste.
Ainhoa Azpirotz Eizmendi
“’Gu ez bagara odol-emaileak, nolatan pentsatzen dugu guretzat odola egongo dela?’. Arrazoi du galdera hori egiten digunak”
Seguraski gurasoak edo inguruko beste norbait odol-emailea dutenek jakingo dute zer den odola ematea, zergatik ematen duen gertuko horrek, zein garrantzitsua den eta zer balore duen egiten duen ekarpen horrek. Ikusten ez dutenek, ordea, ez dute jakingo. Agian ikastolan nolabait adierazi beharko litzaieke haur eta gazteei etorkizun batean (18 urtetik aurrera) odola emateko aukera izango dutela eta zein garrantzitsua den. Seguru odol-emaile batzuek gustura azalduko liekeela hori dena. Akaso medikuek –analisiak ikustean‑ baldintzak betetzen dituzten gazte eta helduei odola emateko gomendioa egin beharko liekete. Lanbide eskola eta lantegi batzuetara joaten dira eta bertan ematen dute odola langileek eta ikasleek.
Egia da edozeinek ezin duela eman. 18 urtetik 70era bitartekoek , 50 kilo baino gehiago pisatzen dutenek eta osasun baldintza batzuk betetzen dituztenek eman dezakete. Eta kontatzen hasita, asko dira baldintza horiek bete eta eman dezaketenak. Seguru Usurbilen ere bi hilean behin 40 baino gehiago izan gaitezkeela. Seguru urteko argazkia egiterakoan gazte gehiago egon daitezkeela. Ederra litzateke argazkilariak atzera eta atzera joan behar izatea bildutako odol-emaileak argazkian kabitzen ez direlako.
Ez dute titularrik eta argazki handirik izango agian, baina ekainaren 12an omenduko dituzte Usurbilen aurten lau odol-emaile: batek 25 aldiz eman du odola, bigarrenak 40 aldiz, hirugarrenak 50 aldiz eta laugarrenak 75 aldiz. Urteroko bazkaririk ez dute egingo pandemia egoera dela-eta, baina sikiera hamaiketako batekin eskertuko zaie egindako ahalegina eta izan duten borondatea eta eskuzabaltasuna. Kiroleko podiumean urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak ikusten dira. Hemen denak dira urrezkoak eta ohorezkoak.