Bere txikian, zein handi!!!

Badira gure bizitzan zehar arrastoa uzten duten pertsonak, guretzat bereziak izan direnak. Izan daiteke haiekin harremanetan egon garenetan zerbaitek liluratu izan gaituelako. Edo une erabakigarrietan sostengua eman digutelako. Edo haiek egindako, idatzitako edo esandako zerbaitek aldarazi egin gaituelako. Edo harreman oso estua izan dugulako eta izugarri maitatu ditugulako.  Edo eredutzat eduki ditugulako egin duten ibilbideagatik edo izan duten koherentziagatik. Edo izan daiteke pertsona batzuk negatiboki eragitea gure bizitzetan eta arrasto ilun bat utzi izana ere. Gauza bategatik edo bestegatik, markatu egin gaituzte, eta hor geratu zaizkigu barru-barruan erreferentziazko pertsona gisa, pertsona berezi eta kuttun bezala.

Omenaldietan goraipatzen diren pertsonak horrelakoak izan ohi dira. Beren bizitzan zehar egin duten ekarpena gogoratu eta goraipatu ohi da: herrigintzan, kulturgintzan, politikagintza eta abar.

Horietako bat izan daiteke Mariaje, Udarregi ikastolako zuzendaria. Udarregi bertsolariaren idatzi-arrastoen ondoan bere arrastoa utzi duen pertsona izan da Mariaje. Irakasle ikasketak bukatu berritan hasi omen ziren Ines eta biak Udarregin, Kalezarko eskolaurrean ume txikienekin. 13 urte inguru etapa horretan egin ondoren, Heziketa Bereziko ikasleekin aritu zen beste hainbeste urtetan. Eta ondoren zuzendari lanak egiteko erronkari heldu zion. Eta baita eutsi ere urte hauetan guztietan. 42 urtez aritu da ikastolan gure Mariaje, “nire ekarpen xumea eginez”, dio ikastolako gurasooi idatzitako agurreko gutunean. Xumea izan arren, handia, ordea!

 

AINHOA AZPIROTZ

"Badira gure bizitzan zehar arrastoa uzten duten pertsonak, guretzat bereziak izan direnak, horietako bat izan daiteke Mariaje, Udarregiko zuzendaria”

 

Makina bat istorio, borroka eta oroitzapen edukiko ditu kontatzeko, eta gainerakook ere ederki gogoratuko dugu Mariajek utzitako ondasuna. Egindako ekarpen guztiak, hartutako erabaki guztiak eta iradokitako proposamen guztiak ez ziren denen gustukoak izango, noski, baina uste dut ez duela inork ukatuko eduki duen borondate ona. Udarregin, Usurbilen eta usurbildarrekin egin duen ibilbidean beti konprometitua ikusi dugu, ordutegirik gabe lanean, “gustura egiten dut, gustatzen zait” esanez, afizioa pasio bihurtuz. Eta oraindik ere “ez adiorik” esanez.

Beti detailezale; gurasoekin, irakasleekin eta umeekin. Denentzat izan du boligrafo, arkatz, pegatina, liburuxka edo jostailutxo bat eskura bilera baten aurretik, ondoren edo bulegora bisitan joandakoan. Umeak bere koadernoetako orrietan marrazkiak egitera gonbidatu izan ditu, maitasunez eta esker onez gordez marrazki horiek denak. Bizitzak eta naturak oparitzen dizkiguten uneak gozatzeko esanez, mezuak eta argazkiak bidaltzen artista izan da. Ohituta ez gauden sorpresazko adeitasun fina.

Atzeman izan zaizkio ikastola bateko zuzendari karguak ematen dituen zama, ardura eta nekea ere, eta halere, bere nekeak motxilan hartu eta gainerakoak animatzeko gai izan da, eta baita zaintzeko ere. Traineruko arraunlariei “arraun” esan eta ziaboga emateko indarra atera du. Eta behar izan denetan, arrauna hartu du berak ere.

Ez dugu inoiz goi kargudun bati dagokion gorbata jantzita ikusi, beste estilo bat izan da berea: kolore guztietako ilea eta orrazkera alaiak eta biziak ikusi dizkiogu, eta baita sudur gorria jantzita eta mozorrotuta ere. Makina bat urtean aritu da inauterietan kiroldegiko sarreran denei ongi-etorria ematen umoretsu eta alai. Horrelakoa izan da gure zuzendaria, gertukoa, alaia, baikorra, bizia eta umoretsua.

Pandemiak ez digu utzi behar zuen moduko omenaldirik egiten ez ikastolan ez herrian. Baina xumeki eta banaka izan arren, asmatuko ote genuen eskertzen eta berak hainbestetan egin digun keinu hori bueltatzen. Luxua geurea izan baita, bere txikian hain handi izan den bidelagun bat izatea. Eskerrik asko guztiagatik, Mariaje.