Gizon batek bere alabari ipuinak kontatzen dizkiola zioen bideoan eta duela gutxi Hansel eta Gretelena kontatu diola. Justu anai-arrebak basoan galdu eta iluntzen hasten duen une hori, tramak goia jotzen duen momentu hori, ahots serioa jarriz kontatzen ari zitzaion, alaba beldurtu zedin, baina ikaratu ordez zera esan omen zion: “dei diezaiela gurasoei mugikorretik”. Eta orduan pentsatu zuen lehendabiziko aldiz bere alabak ez dakiela mugikorraren aurretik beste bizimodu bat egon zela.
Ainhoa Azpirotz
Funtzionatzen al du tramak protagonistek edozein lekutatik mugikorrez deitu baldin badezakete?
Eta horrekin batera jabetu zen zein beldurgarria izango zen haur literatura klasikoa telefono mugikorra beti existitu izan balitz. Pentsa ezazue edozein istorio klasikotan, bururatzen zaizuen edozeinetan: Edurne Zuri, Txanogorritxu, Pinotxo, Agurea eta itsasoa, Macbeth… edozein. Eta jar dezagun telefono mugikor bat protagonistaren poltsikoan. Funtzionatzen al du tramak? Funtzionatzen al du tramak protagonistek edozein lekutatik mugikorrez deitu baldin badezakete?
Berdin du zein ipuin aukeratzen dugu, istorioak ez du funtzionatzen. Esate baterako, telefono mugikorra eskuetan duela Penelopek ez dio zalantzaz itxaroten Ulises gerlariari. Txanogorritxuk saskian mugikorra izanda garaiz abisatuko lioke amonari otsoa doala eta ehiztariak ez luke etorri beharko inoiz. Tom Sawyer ez litzateke Mississipi ibaian galduko Movistarreko pertsonen lokalizazio zerbitzuari esker. Lastozko etxetxoko txerritxoak anaiari abisatuko lioke otsoa bere etxera doala. Eta Geppettok eskolatik ohar bat jasoko luke Pinotxo ez dela ikastolara joan esanez.
Idatzitako ipuin askoren gatazka iturria distantzia, topo ez egitea eta inkomunikazioa izan ziren. Ipuin klasikoak mugikorrik ez zegoelako existitzen dira. Adibidez, inongo maitasun istorio ez zen tragikoa edo konplikatua izango amoranteek poltsikoan telefono mugikorra izan balute. Pentsa dezagun historiako maitasun erromantikoko istorio famatuenean, Romeo eta Julietarenean. Istorio horren amaierako tentsio dramatiko osoa ustekabeko inkomunikazioan oinarritzen da: amoranteak suizidatu egin denaren itxurak egiten ditu, maiteminduak sinetsi egiten du eta bere buruaz beste egiten du, eta orduan, Julieta, esnatzen denean, benetan suizidatzen da. Julietak mugikorra eduki izan balu, mezutxo bat idatziko zion Romeori 6. kapituluan: “hildakoarena egingo dut, ez nago hilda, ez kezkatu, ez egin txorakeriarik, musuak. Veronan ikusiko dugu elkar”.
Istorio guztiek porrot egiten dute telefono mugikor bat jartzen baldin badugu. Eta bideoko gizonak oso serio galdetzen dio bere buruari ez ote den gertatzen ari antzekoa gure bizitza errealarekin. Ez ote gara ari hainbat bizipen galtzen etengabeko konexioa dela-eta? Dena abisatu eta jakinaren gainean jarri behar horrekin? Zer da gure bizitza distantzia, topo ez egitea eta inkomunikazioa kenduta? Ipuinetan bezala tramarik gabe geratzen ari ote gara? Etxeko sofan eserita mezuak eta deiak jasotzen ditugu, bizipenak bizi ordez. Gure tramak distira galtzen ari dira.