Ikastetxeetan eta guraso elkarteetan hitzaldiak eta ikastaroak ematen aritzen da aipatutako laguna eta 2020ko irailean ikastola batetik deitu zioten. Udaberriko konfinamenduaren ondoren, 2020ko irailean eskoletako ateak berriro ireki ziren protokoloen eta neurrien artean, eta egoera berriaren kudeaketaz hitz egitera gonbidatu zuten. Irakasleak zein gurasoak elkartu ziren bertan, bakoitza bere bizipenekin, beldurrekin, ezinegonekin eta iritziekin. Eta denak hantxe, ikastolako gela handi hartan, elkarrekin.
Nire lagun hizlariak argi eta garbi ikusi zuen gela hartan zegoen aniztasuna. Ez zen erlijio, genero, arraza, sexu, jatorri, kultura edo hizkuntza aniztasuna, baizik eta pandemiak gure artean sortutako iritzi eta bizipen aniztasuna. Eta nola bizi aniztasun hori errespetatuz? Horra hor erronka: nola egin denok lekua edukitzeko ikastola hartan bezalaxe kuadrillan, kiroldegian, tabernetan, bizilagunen artean, kultur etxean, liburutegian, dendetan, ospitaleetan... Nik zurea entzun, zuk nirea entzun eta elkarrekin paseatzen, poteatzen, kantuan, musean edo larrua jotzen jarraitu. Hori izango litzateke errespetua eta elkarbizitza.
Bide horretan COVID pasaporteak ez du batere laguntzen, QR kodeak elkartu ordez urruntzeko haziak erein ditzakeelako. Udalaren Udalberri aldizkariaren azken zenbakian (40. zbk. 2022-01-07) ere hala dio alkateak Osasun Sailari idazten dion gutunean: “COVID ziurtagiriaren kasuan, gainera, zientzialariek eurek jarri dute neurriaren eraginkortasuna zalantzan, izan ere, txertatuta ere kutsa zaitezke edota ondokoak kutsatu. Ez da osasun neurri bat, hortaz, eta gainera, eskubideak urra ditzake, pertsona batzuekiko baztertzailea den neurrian, eta, beraz, oso kezkatuta gaude neurri horrek sor dezakeen estigma sozialarekin”.
“Jar dezagun fokua ondo: kontua ez da COVID pasaportearen alde edo kontra egotea, baizik eta ezberdin pentsatzen dugunon arteko elkarbizitzaren alde edo kontra egitea”
Eremu gehiagotan ere sortu da kezka hori. Hala idatzi dute Euskal Herriko kulturgileek COVID pasaportearen inguruan: “Kulturgileak gara, ez epaileak, ez poliziak, ez zigortzaileak. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren azken erabakien gainean (COVID Ziurtagiri Digitala exijitzea) kezka eta desadostasuna adierazi nahi ditugu, kontzientzia eragozpenaren bidean. […] Eztabaida hau txertaketaren beraren inguruko polemikatik haratago doala iruditzen zaigu, eta hori agertzera gatoz plazara. Arau berria ezarri denetik kezka sakona eragin digu abiadura bizian zabaltzen ari den jendarte hausturak eta kaleko giro-txartzeak. Horrekin batera, bereziki larria iruditzen zaigu kultur ekimenetan herritarrek beste herritarren gainean kontrola ezarri behar izatea. Kultur balioen alde lan egiten dugu, komunitatea sendotzearen eta saretzearen alde, ezberdinen arteko elkar-ezagutzaren eta komunikazioaren alde; zentzu horretan, arau berri honek balio horiekin zuzenean talka egiten duela iruditzen zaigu, haustura eragiten duela eta jende bati kultura jasotzeko eskubidea murriztu egiten diola” (testu osoa www.kulturgileakgara.info-n).
Idatzi horretan ez dago besteak konbentzitzeko intentziorik, egia borobila azaltzeko asmorik edo datuen zaparradarik. Jendartearen artean sor daitekeen hausturak kezkatzen dituela diote, eta elkarbizitzaren aldeko aldarri bat da.
Jar dezagun fokua ondo: kontua ez da pasaportearen alde edo kontra egotea, baizik eta ezberdin pentsatzen dugunon arteko elkarbizitzaren alde edo kontra egitea. Saretzea edo haustea, gure ingurukoekin topatzean zeren alde egin nahi dugun argitzea.