“Irabazi arte!” euskarazko telesail berriaren irudi-argazki-kartelagatik ari naiz. Azkenaldian askotan ikusi dut egunkarietan, autobusetako markesinetan... Bost neska futbolari ageri dira, lau jokalari eta atezaina, besoak altxata, ukabila estututa, ahoa zabalik, hortzak erakutsiz, oihuka, jarrera gogorrarekin. “Irabazi arte!” jartzen du goialdean, beraz, irabazi izana ospatzen egon daitezke. Edo irabazi arte gogor lehiatzeko prest daudela erakusten. Gogortasuna erakusten dute.
Ez dakit telesailak zer norabide hartuko duen aurrerantzean, baina irudia ez zait gustatzen. Aurpegiko espresioei banan-banan begiratu eta hiru behintzat beldurrezko pelikula batean erraz kokatuko nituzke: aurrean jartzen denari beldurra edo sustoa emateko keinua daukate, “aaaaaaa!!!!!!” orro ozen batekin.
AINHOA AZPIROTZ
“Feminitatea zabaldu beharko litzateke gizonen artean, eta ez alderantziz, maskulinitatea emakumeen artean”
Hori al da emakumeek indarra erakusteko edo irabazi izana ospatzeko modua? Gizonek bezalakoa? Hori da gustatzen ez zaidana. Helburuekin bat egiten dut inolako zalantzarik gabe: gizon zein emakume, neska zein mutil, eskubide berberak ditugu edozein kiroletan aritzeko, goiko mailetara iristeko eta jarduteko, edozein lanpostutan soldata parekatuak izateko, kulturgintzan baldintza berberetan bizimodua ateratzeko eta zaintza arloan eskubideak eta betebeharrak parekatzeko.
Ados, guztiz ados. Berdintasuna eta parekidetasuna nahi dugu eskubide eta betebeharretan. Helburua argi dago. Baina modua? Helburu hori lortzeko modua? Moduak ere berdina izan behar al du? Hain maskulinoa eta gogorra? Hortzak erakutsi eta eskumuturrak estutu beharra al dago horretarako?
Enpresetako, instituzio politikoetako edo bestelako erakundeetako goi karguetara eta zuzendaritza postuetara iritsi diren emakumeak ezagutzen ditugu. Eta sarritan esan izan da gizonak bezain zorrotzak, agintariak eta goitik-beherakoak direla. Emakume horiek eredu maskulinoa imitatu eta errepikatu izan dute.
Eta ez. Emakumeok beste estilo bat dugu, horizontalagoa, kolektiboagoa, baketsuagoa. Feminitate hori zabaldu beharko litzateke gizonen artean, eta ez alderantziz, maskulinitatea zabaldu emakumeen artean.
Futbol profesionaletik hasi eta beheko mailetara arte erabat zabalduta dago gola sartu ondoren ukabilak estutuz eta builaka “vamooooossssss!!!!” esate hori. Eta niri, “vamos” horren atzean “izorrai” dagoela iruditzen zait, hori transmititzen didate gorputzeko eta aurpegiko espresioekin adierazten dutenarekin. Ezin ote da ospatu taldekideekin elkartuz, salto eginez, besarkatuz baina irribarre pozgarri eta ase batekin aurkariari izorra dadila opa gabe?
Nik uste dut baietz, eta hori dela emakumeok egin behar dugun ekarpena. Gure ereduarekin iritsi goiko mailetara eta parekidetasunera. Eredu androzentrikoa eta gizonkeriak utzi eta emakumeon ezaugarriekin aritu. Ez sistema patriarkatuak eman izan digun irudi “ñoñoarekin”, baizik eta guretik, gure naturaltasunetik ateratzen zaizkigun egiteko moduekin eta umorearekin.
Suitzako talde batek 2005eko Bakearen Nobel Sarirako mundu osoko 1.000 emakumez osatutako hautagaitza aurkeztu zuen, ez zuen hautagai bakarra aurkeztu, hori eredu maskulinoa zela uste zutelako. Ekintza harekin munduaren alderdi femeninoa atera nahi izan zuten. Haien iritziz, munduko arazo asko munduaren alderdi maskulinoa muturrera eramateak sortzen ditu eta horrek elkar suntsitzea dakar. Horregatik, mundua alderdi femeninoarekin orekatu beharra dagoela aldarrikatu zuten.
Martxoaren 8a gerturatzen ari den honetan, hausnarketarako puntu bat izan daiteke, neskak*!