Momentu berean, 5. mailan dabilen alaba ere gai berarekin etorri da: zein zen amonaren lanbidea? galdezka. Aitona-amonen lanbideak deskribatu eta orrialde bateko idatzia egin behar dute, pentsamendua deitzen diotena.
Egoerak gure amen eta amonen lanbideaz pentsatzera eraman nau. Zein zen amonaren lanbidea? Zein zen gure amen lanbidea? Eta gurea? Emakume gehienak ezkondu eta etxean geratzen ziren seme-alabak hezten eta hazten. Edo baserrian umeak hezten, animaliak hazten eta baserriko lanak egiten. Baina lanbide hori ez dago gure umeen lanbideen zerrendan. Ez dago etxekoandrerik –are gutxiago etxekogizonik– eta zaintzailerik. Ez ditugu zerrendan sartzen, eta beraz, lan duinak, inportanteak eta funtsezkoak izan arren, ikusezin bilakatzen ditugu, bai amonenak eta baita amenak ere.
John Langshaw Austin hizkuntza filosofoak “hizkuntzak errealitatea sortzen du” zioen Nola egin gauzak hitzekin liburuan. Eta kasu honetan horixe gertatzen zaigula esango nuke. “Lanera noa”, “lana daukat”, “lanetik atera naiz”… esaten dugunean, soldatapeko lanaz ari gara, etxetik kanpoko lan ordainduaz. Umeak zaintzeko eszedentzia bukatzean “lanera itzuli naiz” esaten dugu, ordura arte etxean umeekin egindakoa lana ez balitz bezala. “Bihar goiz jaiki behar dut lanera joateko”, etxetik atera aurretik egindako lanaz ezer esan gabe.
Ainhoa Azpirotz
“Lanbideen zerrendan ez dago ez etxekoandrerik eta ez zaintzailerik. Hitz egiteko modua aldatu behar dugu”.
Umeen edo gurasoen zainketagatik lanaldi murriztua hartzen dugunean, “lana” ekonomikoki ordaindutako horri deitzen diogu, ez murrizketa horretatik kanpo geratzen den beste lan guztiari. “Ezin dut, lana daukat” esatean ere, ordutan fitxatzen den lanari buruz aritzen gara. “Laneko erreleboa aldatu didate” esatean ez zaigu burutik pasa ere egiten etxeko lanei buruz ari garenik. “Nire amak ez du lanik egiten” esatean, etxetik kanpoko soldatapeko lana esan nahi du ume horrek. “Lanetik ateratakoan egingo ditut erosketak” esatean, garbi dago erosketak egitea ez dela lantzat hartzen.
Horrela hitz egiten baldin badugu, oso zaila da etxeko lanak eta zainketa lanak ikusgarri egitea. Zaintza erdigunean jartzeko, besteak beste, hitz egiteko modua aldatu behar dugu: “Soldatapeko lanera itzuli naiz” esan genezake eszedentzia bukatutakoan; “lan batzuk bukatu eta orain beste batzuekin ari naiz”; etxekoandrea lanbideen zerrendan sartu eta “nire amona zaintzailea eta etxekoandrea zen” idatzi lanbideen zerrendan; “nire amak etxean egiten du lan” esan ozenki. Andoni Egañak lanaldi erdia erabili daitekeela dio, baina ez pertsona erdia, pertsonekin lanean ari denak ez lukeelako inoiz pertsona-erdi ikusi behar parean. Hizkuntzak errealitatea sortzen du.