Denetariko iritziak entzun ditut aldaketaren inguruan: batzuei asko gustatu zaie; beste batzuk lehen baino txukunago dagoela diote; zenbaitek astoa urrutiago dagoenaren pena dute; beste hainbatek artifizialago ikusten dute eta nahiago dute lehenagoko ukitu gabeko natura; beste batzuek naturan gehiegi esku hartu dela diote; beste zenbaiten iritziz erreka oinezkoen bidetik hain gertu egoteak errekaren inguruko faunari eta florari kalte egingo dio.
Iritzi guztiak darabiltzat buruan bueltaka eta, aldi berean, oroitzapenetan harrapatuta geratu naiz. Lehen esan bezala, pixka bat kosta zitzaidan paisaia berrira egokitzea; baina era berean, denbora gutxian lehen nola zegoen ahaztuta edukiko dut. Segituan ohitzen gara ikusten dugun berrira eta gero propio jarri behar izaten dugu burua aurrekoa gogoratzen, memoria ariketa egiten. Halaxe pasatzen zait herriko beste leku batzuekin ere.
Adibidez, gogoratzen al zarete Eguzkitza baserriarekin? Herrira Ostapetik sartu eta Eroskiko errotondarik ez zegoen orain dela urte batzuk. Intzaren ileapaindegiaren eta Ixabel Esnaolaren dendaren artean Eguzkitza baserria zegoen, Intza parean aldapa behera jaitsita atarira jaisten ginelarik.
Galtzaragañan, orain BM supermerkatua eta hango etxeak dauden lekuan izugarrizko zelaia zegoen orain dela hiru hamarkada. 1993an Euskaldunon Egunkariaren aldeko festa eguna Usurbilen ospatu zenean, hori dena zelai zen eta kontzertuak entzutera joandako jendez bete zen egun hartan. Elurra egiten zuenean ere leku estimatua zen aldapa oso handia nahi ez zutenentzat; handiagoa nahi zutenek, berriz, Udarregi ikastola dagoen lekuan zuten aldapa ederra, orain ikastolaren sarrera dagoen lekutik hasi eta zezen-plazaren behekalderaino luzatzen zena.
Artzabal inguruan ere zelai ederrak ziren. Orain ere berdegune ederrak ditugu, baina lehengo zelai eta soroak Puntapaxeraino eta Errekatxikiraino iristen ziren luze zabalean. Kalezarrerako bidean ez zeuden orain Puntapax kalean dauden etxeak; kalea baino Kalezarrerako bidea zen Puntapax zubia bitartekoa, eta tartean, eskuin aldean iturri bat eta zelai txiki bat ziren. Ezkerraldean, berriz, krabelinez betetako negutegiak.
Eta akordatzen al zarete Alkartasuna kooperatiba non zegoen? Kale nagusian orain autobus geltokia dagoen lekuan zuen sarrerako atea eta atzean aparkaleku handi bat, orain dagoena baino baxuago eta orain dauden etxerik gabe.
Bordatxoko errotonda ere ez da hain zaharra. Duela urte batzuk errotondako borobilaren partez, Gaztañagako baratzeak, Motzaneak eta Leku-Ederrek hiruki bat osatzen zuten. Eta Optika dagoen etxe horren ordez Motzaneako baratze edo soroa luzatzen zen Antxetaraino. Buruari eragiten jarraituz gero, beste makina bat aldaketa etorriko zaizkigu burura. Oroimenean hor dauzkagu, baina begien aurrean ez. Horregatik ahanzten ditugu egunerokoan berriak aurrekoaren lekua hartzen duenean.