Kotxe-grazia

Beraiengatik balitz, farmaziaraino, tabernako barraraino, jatetxeko sukalderaino, harategiko mostradoreraino eta itsaso barruraino joango lirateke kotxearekin.

Kontatu didate Nueva Yorken / Broadway eta 26 karrikaren kantoian…

Gertuago etorrita, kontatu didate Usurbilen, kale nagusian, Zendoia parean bizi den herritar batek kotxea atera behar zuela garajetik, baina ezin zuela atera garajeko atearen aurrean, espaloian, beste kotxe bat zegoelako aparkatuta. Kotxe jabea Patrinen zegoela esan omen zioten eta hara abiatu zen. Bai, han egona zela esan zioten, baina Txapartegirengana joana zela haragia erostera. Patrinetik Txapartegirengana joan eta han aurkitu omen zuen. Garajetik kotxea atera ezinik zegoela esan omen zion eta gizonak “A! Gaizki al dago ba?” galdetu omen zion batere larritu eta estutu gabe.

Kontatu didate beste batean Kalezarko herritar batek Kontseju Txiki ondoan utzi zuela kotxea farmaziara joateko, piboteak dauden lekuan, beste kotxe batzuk ateratzea oztopatuz. Han erosi behar zuena erosi eta etxera joan omen zen oinez. Handik denbora puska batera udaltzainak joan omen zitzaizkion etxera kotxea non zuen galdezka. “Kotxea? Garajean”. Ez zen gogoratu ere egiten Kontzeju ondoan utzi zuela, gaizki aparkatuta, piboteen ondoan.

 

Ainhoa Azpirotz

“Kotxe jabe horiengan jarrera bat nabarmentzen da: nagusikeria, utzikeria, berekoikeria, ezer inportarik eza, axolagabekeria, besteekiko errespetu falta… Kalea kotxeena da”

 

Kontatu didate orain dela gutxi Bordatxoko errotondan Mercedes haundi bat zegoela erdiko borobilaren inguruan dagoen berdearen gainean aparkatuta. Autobusa pasa ezinik omen zegoen, kateatuta, ez aurrera, ez atzera. Eta haren atzetik zeuden kotxeak ere geldituta, ilaran. Errotondako beste hiru sarbideetako kotxeak ere berdin. Denak geldituta, bozina jo eta jo. Eta Mercedes haundiaren jabea ageri ez. Halako batean han azaldu omen zen tabernatik lasai-lasai. Kotxea hartu eta mugitu zuenean pasa ahal izan zuten autobusak eta atzetik gainerako autoek.

Kontatu didate Mercedes haundi hura bera taxistaren lekuan aparkatuta ikusi zutela ondoren.

Kontatu didate Lekeitioko hondartzako aparkalekuan gizon batek bigarren ilaran utzi zuela kotxea, beste pare bat kotxeri ateratzea galaraziz. Papertxo batean bere telefono zenbakia idatzita utzi eta hondartzara jaitsi omen zen. Handik gutxira ertzainak etorri eta telefonora deitu omen zioten. Hondartzatik kotxera bueltatu eta ertzainek isuna jarri zioten. Behin isuna jarrita ertzainak joan egin omen ziren eta gizona, berriro ere telefono zenbakidun papertxoa kotxea kristalean utzi, eta hondartzara jaitsi omen zen, kotxea mugitu ere egin gabe, lehen bezala bigarren ilaran utziz beste batzuei ateratzea galaraziz.

Kontatzen dizkigutenean, grazia egiten duten istorioak izan daitezke. Baina kontakizuneko kaltetuei ez zien batere graziarik egingo. Garajetik kotxea atera ezinik zegoenarentzat edo autobus gidariarentzat ez ziren batere une lasaiak eta barregarriak izango. Emotikono bat baino gehiago jartzeko moduko egoerak eta emozioak sorrarazten dituzte: harridura, haserrea, inpotentzia, sinetsi ezina, negargurea, tonto aurpegia… Kotxe jabeengan, berriz, jarrera bat nabarmentzen da: nagusikeria, utzikeria, berekoikeria, ezer inportarik eza, axolagabekeria, besteekiko errespetu falta… Kalea kotxeena da.

Beraiengatik balitz, farmaziaraino, tabernako barraraino, jatetxeko sukalderaino, harategiko mostradoreraino eta itsaso barruraino joango lirateke kotxearekin.