Autopistan beti dabiltza kotxeak, gau eta egun, eta abiadura bizian, gainera. Grafitigileek aurrena autopistan sartu beharko zuten eta gero babesgarrietan zintzilikatu, igo edo dena delakoa egin tamaina hartako grafitiak margotzeko. Lan arriskutsua iruditu zitzaidan eta grafitigileen azalean sartzen saiatu nintzen: nola lortu ote zuten hara sartzea? Oinez ala kotxez gerturatuko ziren? Zenbat izango ziren? Lasai arituko ote ziren margotzen behar zuten denbora hartuz ala korrika eta ingurua zelatatuz? Zergatik hartzen ote dituzte arriskuko lan horiek? Zer sentitzen ote dute leku arriskutsuetan grafitiak margotzerakoan?
Handik gutxira Gasteizko alkatearen hitzak zabaldu ziren sare sozialetan. Grafitiak, artea ez, txerrikeria bat zirela esan zuen eta grafitigileen aurkako kanpaina jarri zuen martxan: grafitiak egiten dituztenei 1.500 eta 3.000 euro arteko isuna jarriko ziela esan zuen. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak horma-irudi koloretsu eta landuak babestu zituen, eta grafiti, sinadura edo marrazki sinpleagoak mespretxatu.
Albisteak grafitiei buruzko informazioa bilatzera bultzatu ninduen. Graffiti termino latinoa grekozko graphein hitzetik dator eta idatzi edo trazu du berezko esanahia. Erromatar inperioaren garaian zentzu artistikoa eta politikoa hartu zuen, orduan hasi baitziren leku publikoetan pintaketak egiten, profeziak, protestak edota iragarpenak eginez. Mende batzuk beranduago, aro modernoan, 1960ko hamarkadatik aurrera AEBn eta bereziki New Yorkeko auzoetan hasi ziren zabaltzen hip-hop kulturaren inguruan. Honela definitzen zuten han: “Bazterketaren edo zapalkuntzaren aurrean egiten den espresioa edo oihua da. Jabego pribatuari egiten zaion erasoa da arrazoi sinple batekin: entzunarazia eta ikusarazia izatea”.
Gaur egun mundu osoan zehar zabalduta dagoen espresio artistikoa da, modu legalean zein ilegalean egindakoa. Hormetan, tren bagoietan, etxabeetan, garaje edo tailerretako ate edo leihoetan, abandonatutako lantegietan, parkeetan… ikusten dira, denak kalean, hori baita grafitien ezaugarri nagusia. Zerbait adierazteko gogoa eta marrazkia edo sinadura egiteko materiala –normalean esprai aerosola , hori da behar den gauza bakarra.
Usurbilen ere badira bat baino gehiago. Ugaldea industrialdean Savasa zenaren hormak grafitiz beteta daude, batzuk bukatuta eta beste batzuk bukatzeke: Asmer, Fape, Roer, Jeims, Upks, Gamso… Industrialde berean trenez bidaiatzen dutenek ere ikus ditzakete beste batzuk. Ingemarren ere batzuk badaude.
Artea beti da erakargarri, eta grafitiek, gustatu ala ez, badute zerbait erakargarria. Eta industrialde zaharrak eta abandonatuak koloreztatzeko eta beste itxura bat emateko gaitasuna sikiera aitortu behar zaie.
Jakin-mina sortzen dute grafitien azpian egon daitezkeen mezuek edo esanahi ezkutuek. Gustura asko entzungo nuke Sutegin-edo grafitigileen solasaldi edo hitzaldi bat jakin-mina asetzeko, hasieran aipatutako galderak erantzuteko eta grafitigileen ikuspegia ezagutzeko.