Lagunak ez daki ingelesik, eta suediera gutxiago, eta halere lasai ederrean ibili dela zioen. Hasteko, hegazkin txartela Internetez erosi zuen, etxetik mugitu gabe, etxeko ordenagailutik. Irten bezperan modu berean egin zuen checking-a. Hegazkineko bidaiaren ondoren Suedian lur hartu orduko prest zeukan google-en itzultzailea. Halere, aireportuko seinaleak itzultzaile gabe ere erraz ulertzen omen ditu bidaiatzen ohituta dagoen edonork, hitzen ondoan egoten diren irudi eta marrazkitxoak lagun.
Behin hegazkineko bidaia bukatuta, lagunak trenez eta autobusez bidaiatzeko plana zuen eta txartelak erosteko makina bat topatu zuen aireportuan bertan. Garraio publiko guztiak erabiltzeko txartel orokorra erosi zuen makinan, digitala, telefono mugikorrean eraman ahal izateko. Ez zuen inorekin hitz egin beharrik izan, makinan adierazitako pauso guztiak jarraitu, kreditu txartelarekin ordaindu eta kito.
Trenean txartela erakutsi behar izan zion baliozkotzera pasa zen langileari, QR kodea. Klik bat eta nahikoa. Autobusean ibili zenetan ere ez zuen gidariengana hurbildu beharrik izan; autobus barruetan, erdialdean egoten diren makinetan klik egin eta nahikoa.
“Bidaiatzeko (edo bizitzeko) moduak aldatzen ari dira; nahikoa da bateria eta kobertura dituen telefono mugikorra edukitzea”
Trenetako eta autobusetako giro isilera ohitzea kosta egin omen zitzaion; denak isil-isilik, asko belarrietan haririk gabeko aurikularrak jantzita, beste asko mugikorrari begira… Elizara sartzea bezala omen zen, sartu eta isiltasuna. Norbaiti zerbait galdetzeak ere estuasuna ematen omen zion. Gainera, pantailetan oso ongi adierazita zegoenez ibilbidearen nondik-norakoa, une bakoitzean non zeuden eta hurrengo geltokia zein zen, ez zuen informazio gehiagorik behar.
Google maps-i eta garraio publikoko txartelaren aplikazioari esker, erraza egin zaio bidaiak antolatzea. Stockholm-etik Linköping-era joan nahi zuela jarri eta lauzpabost aukera ematen zizkioten; azkarrena, laburrera, erosoena… Aurrena autobus hau, gero tren hori, segidan 8 minutura beste tren bat eta ordu eta laurdenera helmuga. Bigarren trena galduz gero, hurrengoa ordu erdira zegoela adierazten zuen aplikazioak. Ordutegiak, loturak, atzerapenak… dena mugikorrean, eskuetan.
Gauza bera bisitatu beharreko lekuekin. Lehen, leku batera iritsi orduko informazio turistikoaren bulegoa bilatzen hasten omen zen, eta hango langileekin hitz egin ondoren, eskuetan mapak eta liburuxkak zituela ateratzen omen zen. Orain, Googlek dena esaten dio, non zer dagoen, zer ordutegi duen, nola iritsi eta abar. Informazio eguneratua eta zehatza.
Lo lekuetako erretserbak aurretik egina zeuzkan, Internetez. E-posta bidez kodeak bidaliak zizkioten eta iritsitakoan ate ondoko kaxan kodea jarri eta gelako atera irekitzen zuen, harreratik pasa beharrik gabe.
Supermerkatuetan ez zuen inori ezer eskatu beharrik, hemen bezala, pasilloetan barna ibili, nahi zuena karrora sartu eta kutxazainik gabeko kutxak zeuden ordaintzeko. Makina ondo maneiatzen jakinez gero, aurrera.
Hori dena kontatuta, berriz azpimarratu dit bidaiatzeko ez dela hizkuntzarik behar. Jendarteko harremanak gutxitu egin dira edo besteekin erlazionatzeko beharrak desagertzen ari dira. Bidaiatzeko (edo bizitzeko) moduak aldatzen ari dira. Nahikoa da bateria eta kobertura dituen telefono mugikorra edukitzea. Konturatuta edo konturatu gabe, honaino iritsi gara.