Txakur bat erosi dut, uau, uau, uau, merke azokan

Ez omen da kontu edo notizi berria, baina hiru asteko tartean bi mahai-bueltatan atera da gaia: Bilbon 12 urtetik behera errondatutako umeak erroldatutako txakurrak baino gutxiago omen dira. Alegia, 12 urtez azpiko umeak baino txakur gehiago daudela Bizkaiko hiriburuan.

Mahaikideen aurpegietan harridura eta sorpresa islatu ziren, aurpegi arraroak barne. Bazkaltiarren artean bat pentsakor geratu zen eta segundo batzuen ondoren notizia sinesten zuela esan zuen; haren etxebizitzan, lehenengo pisutik laugarreneraino umerik ez dela bizi zioen, eta aldiz, txakurrak baietz, hiru bizilagunek dituztela txakurrak. Beraz, etxebizitza horretan Bilbon gertatzen dela pasatzen dela, gutxi gorabehera.

Iruñean bizi den beste bazkaltiar batek haien auzoan pasatzen dena kontatu zuen. 35-40 urte arteko bikoteak bizi omen dira auzoan eta bi taldetan elkartzen omen dira: umeak dituztenak eta txakurrak dituztenak; haurrak dituztenak parke inguruan eta txakurrak dituztenak belardi jiran. Beraz, bikote batzuk haurrak izatea erabakitzen dute eta beste batzuk txakurrak.

 

Ainhoa Azpirotz

“12 urtez azpiko umeak baino txakur gehiago daude Bilbon”

 

Horixe zen hirugarren bati kezka sortzen zion puntua, hain zuzen ere: umeak edukitzea baino nahiago izatea txakurrak edukitzea. “Zergatik ote?” galdetzen zuen 70 urtetik gorako psikologoa den mahaikideak. “Zerk bultzatzen ote ditu erabaki hori hartzera? Gehiegizko erantzukizuna ote? Edo gehiegizko konpromisoaren beldurra? Edo lotura?”. Erantzunik gabe geratu ziren sakontasunera bultzatzen zuten galderak.

Beste mahaikide batek bere etxe azpiko kafetegian ume buila baino txakur zaunka gehiago entzuten duela esan zuen. Eta umeei bezala aritzen direla “zatoz hona”, “isil zaitez” esanez. Donostiakoa den beste mahaikide batek txakurrei hitz egiteko modua aipatu zuen, Donostian bertan entzuna omen dauka txakurrari “egin kasu amari” esaten; ama, noski, txakurraren jabea zen, hitz horiek esaten zituena. Hori Donostian entzundakoa, eta ikusitakoa honako hau: txakurrak txakur-kotxeetan paseatzen, haurrak haur-kotxeetan paseatzen diren bezala. Txakur-kotxeak badaude beraz, eta ez Interneten edo pelikula amerikarretan soilik, baita Donostiako kaleetan ere. Haurrenak baino txikiagoak omen dira eta gainean saretxo bat omen zeukan berak ikusitakoak. Beste bazkaltiar batek orgatxoan ez, txakurra motxilatxoan zeraman pertsona bat ikusi omen zuen Gasteizen.

Txakurrentzako hotelak aipatu zituen beste batek. Haien bizilagunak, oporretara joaten direnean txakurra txakur-hotel batean uzten omen dute, eta oso ondo zaintzen omen dute. Ez zekien txakur-hotela bost izarretakoa zen edo ez, baina bizilagunak egondako hotela bikoa omen zen. Agian txakurra bazkaltiarraren bizilagunak baino hobeto egongo zen…

Beste mahaikide batek txakurren janaria eta pertsonen janaria ekarri zituen hizpidera. Ezagutzen omen du txakurrari gure jakiak ematen dizkion pertsona bat: urdaiazpiko ona –garestia, alegia–, patea, kroketak, gailetak…

Barrez bukatu genituen bi bazkariak. Postre garairako irudimenak beste hamaika karikatura egitera eraman gintuen: txakur koadrila bat jacuzzian, txakur bat mugikorrarekin, txakur bat aterkiarekin... Gure txikitako kantak etorkizuna iragarri zuen: Txakur bat erosi dut, uau, uau, uau, merke azokan, zikina zegoela, zikina zegoela, eta sartu dut baineran.

Barreak barre eta kasuak kasu, zer pentsatu ematen du. Nola bukatuko ote dugu, txakurrak hizketan ikasita ala pertsonak zaunkaka?