Ez naiz beldurrezko pelikulen zalea; edo hobeto esanda, beti saihestu izan ditut. Eta lotsarik gabe aitortzen dut ez zaizkidala batere gustatzen. Odola, labanak, aurpegi zurbilak eta musika tetrikoa agertzen direnean, beste aldera begiratzen duen horietakoa naiz. Baina Kalezarko Gau Beltzak ez zidan atzerakadarik sortu. Sorpresa asko eta onak ikusi dizkiot.
Hasteko, Gau Beltza ospatuko zela iragartzeak berak ilusioa egin zidan. Antolaketarako jende gutxi zegoela eta agian ez zela ospatuko esatetik, ospatuko zela iragartzea notizia ona izan zen. Ez dakit zenbat jende ibili den, baina auzotik sortutako dinamika herri guztiko haurrei irekitzea eta halako mimoz eta txukun egitea txalogarria da. Ekimen biziaren sorpresa.
Ainhoa Azpirotz Eizmendi
“Etxez etxe ume taldeak goxoki eske ibiltzea baino egokiagoa da herriko auzo batean antolatutako ekimenean parte hartzea”
Bigarrenik, Euskal Herri osoan Halloween-en ordez hemen lehenagotik ospatzen zen Gau Beltza edo Arimen Gaua berreskuratzearekin bat egiten dut. Noaua!n behin eta berriro irakurri dugu nola jantzita joan behar zen, burua estalita eta arropa zaharrekin, hemengo usadioari jarraiki. Ez ziren denak horrela jantzita joango, noski, baina mezua garbia zen, eta urtetik urtera Halloween-en aztarnak gutxitzen joan daitezke. Euskal Herriko usadioa berreskuratzeari lotutako sorpresa.
Etxez etxe ume taldeak goxoki eske ibiltzea baino askoz ere egokiagoa iruditzen zait herriko auzo batean antolatutako ekimenean parte hartzea. Ibilbide baten barruan prestatutako istorio batean murgildu ziren umeak Kalezarren, sorginei eta izaki beldurgarriei aurrre eginez. Helburua txorimaloari bidean aurkitutako zintzarria, eguzki-lorea, oilo hanka, kandela eta gaztainak eramatea zen, bidean beldurrei buruz hausnartuz, gaindituz, gaztainak janez, dantza eginez eta abar. Alde ederra dago horrelako ekimen batean parte hartu edo etxez etxe edo dendaz denda goxokiak eta dirua eskatzen aritu. Merkatuaren arauetatik atera eta beste bizipen batzuetan murgiltzeko aukera eman zuen Kalezarko Gau Beltzak. Saria ala ziria baztertuz eta Saguxar, saguxar, iluna eraman eta argia ekar oihukatuz. Beste balio batzuk ikasteko aukera irekitzen dela esan daiteke. Sorpresa hezitzailea.
Eta… Kalezar zein leku egokia den horrelako gauza bat egiteko: kale txikiak, argiak itzalita eta iluntasunean, umeak bakarrik, egoerarako egoki aukeratutako musika… Auzoa mozorrotu eta beltza eta misteriotsu bihurtu zen, armiarma sareen artean xarma berezi eta erakargarriarekin. Sormen sorpresa atsegina eta erakargarria.
Haurrentzako ibilbide bat prestatu zuten, haurrentzat, ez helduentzat. Eta hori ere ederra. Inor behartu gabe –nahi ez zuenak ez zeukan joan beharrik– umeek ibilbideko txokoak pasa zituzten probak eginez, iluntasunean, eta ikuslerik gabe. Gurasorik gabeko espazio seguru bat eskaini zitzaien eta hori ere behar dute. Agian gurasoak umeak baino gehiago beldurtuko dira, gaur egun dena ikusten, grabatzen eta gainbegiratzen ohituta gauden honetan… Konfiantza lantzeko aukera paregabea. Sorpresa eredugarria.
Bejondeizuela ideia eduki eta gauzatu duzuenoi. Datorren urtera arte!