Qatar existitzen da eta Iruñea ere bai. Munduko futbol txapelketaren finala Dohako Lusail Stadiumean jokatuko da abenduaren 18an eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ere egun berean Iruñeko Nafarroa Arenan. Pozgarria iruditu zait alabak bertsolarien arteko porra egingo dutela esatea eta ez futbol taldeen artekoa. Unai Muñoaren ekarpena izan da, estimatua eta eskertzekoa zalantzarik gabe, gure garaian Arantzazu Aranbururena, Joxe Mari Arzallusena eta Joxe Mari Izetarena izan zen bezala.
Abenduaren 18an bi aukerak izango ditu telebistan alabak, eta gertukoari eta geureari begiratuko dio. Gure mundu txikian, euskararenean, handiak diren buru-kirolariei entzungo die. Kirola eta kulturaren arteko aukeran bigarrenaren aldeko hautua egingo du.
Ainhoa Azpirotz
“Pozgarria iruditu zait alabak bertsolarien arteko porra egingo dutela esatea eta ez Mundialeko futbol taldeen artekoa”
Ez da lorpen makala Bertsozale Elkartearena, FIFAren mailakoa. Irailaren 24an hasiera eman zitzaionetik milaka lagun gerturatu dira bertso saioetara, adin eta jatorri askotarikoak. Kuriosoa da bertsoak entzun bitartean publikoaren artean ikusten diren aurpegiei begiratzea: batzuk lasai eta konfiantza erakutsiz ikusten dira; beste batzuk urduri, bertsolariak berak baino urduriago, haiek baino gehiago sufrituz azkazalak jan bitartean; beste batzuk aldamenekoari zerbait xuxurlatuz… Pertsona urduriak eta mugituak; jakintsuak eta sosegatuak. Denetarik ikusten da eta denak emozioz bizitzen.
Isiltasunak eta bertsolarien ahotsek elkarri tartea ematen diote; aurrena bata eta gero bestea; orain isiltasun urduria, luzea eta serioa; orain ahots dardartia bezain sendoa. Eta hortxe sortzen da magia, gauzak bat-batean esateko modu eder horretan. Edertasuna eta gozamena.
Asko entzun ditut aurten bertsolariek erakutsi duten maila altua goraipatzen. Batzuek gehiago borobildu eta distira egin duten arren, guztiek erakutsi dutela maila altua. Hori zer den pentsatzen jartzen naizenean, alegia, zer den maila altua, konturatzen naiz bertsolariak –edo bertsolaritza– gizartea baino aurrerago doazela zentzu askotan: egunkarietako eta irrati-telebistako albistegietako titularrak eta albisteak baino sakonagoak dira bertsolarien irakurketak; gaiak azaltzeko erabiltzen duten euskara aberatsa eta landua da, goi mailako literatura; doinu berrien lanketa eta lortzen duten musikak txoriak ere mutu uzten ditu; bat-bateko etorriak eta jariotasunak ez du parekorik; baserri munduko bertsolariarekin batera aritu daitezke galtzak erdi erorita edo tatuajeak dituzten bertsolariak; emakumeen presentziak gaien lanketa eta ikuspegia aberastu du; eta umorea beti irristatzen da errima eta errima artean.
Ez dakit alabak porra asmatuko duen edo ez. Amonari galdetu dio, zalea izateaz gain, amonak oso begi ona daukalako eta behin baino gehiagotan asmatu duelako. Ez dakigu nor izango den txapelduna, baina irabazleak denak eta denok izango gara. Txapelketarekin gozatzeaz gain, urte osoan plazetan, festetan eta askotariko ekitaldietan izango ditugu zortzi horiek eta gainerako bertsolari guztiak. Eta horiek entzuteko eta ikusteko aukera izatea bai dela benetan ederra. Bertsolariena bai dela mundiala.