Zikiro bertsioa

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2023ko urt. 18a, 00:05
“Gaitasun handiko 3D inprimagailu industrialak erabiliz inprimatzen dituzte jakien bertsioak”.

Ez dira hitz eta aditz berriak, baina orain arte ikusi ez nituen eremu batean ikusi edo irakurri ditut. Bertsio, kopiatu, inprimatu eta eraiki hitzez eta aditzez ari natzaizue.

Bertsio hitza entzun eta abestien bertsioak datozkit burura. Hegoak ebaki banizkio abestiaren zenbat bertsio entzun ote ditugu! Hertzainak taldearen Aitormena abestiaren bibolinaren bertsioa ere askoren buruan izango da.

Berbenetako taldeek ere abestien bertsioak eginez jartzen dute (edo zuten) jendea dantzan. Bertsio modernoak, puskatzaileak, abesti ezagunenak, ez hain ezagunenak… denetarik izaten da.

Bertsio hitzarekin bertsio gaua ere badatorkit burura, Santixabeletan arrakasta handia duen ekitaldia. Herriko musika taldeak abestien bertsioak jotzen dituzten gaua.

Informatikarekin ere lotzen dut bertsio hitza, programek hainbat bertsio izaten baituzte: programa berritu, egokitu eta eguneratu ahala, daukan izenari zenbaki edo hizki berri bat gehitu eta bertsio berri bilakatzen da.

Bigarren hitza kopiatu da. Kopiatu, aldamenekoari lanak kopiatzen genizkion ikastolan -edo kopiatzen zizkigun-. Ordenagailuan kopiatu eta itsatsi egiten ditugu hitzak, esaldiak, testuak, argazkiak edo dena delakoak.

Inprimatu hitzak, hirugarrenak, inprimagailuarekin eta inprimategiekin du lotura. Ordenagailuan idatzitakoa inprimatu daiteke bulegoko, etxeko edo dendako inprimagailuan. Aldizkari bat, liburu bat, katalogo bat edo egunkari bat inprimatzeko, berriz, inprimategiak daude, tirada handiagoko lanak egiteko.

Azken hitza, berriz, eraiki da. Igeltseroak, etxeak, eraikuntzako enpresak, adreilua, porlana, andamikoak… datozkit burura. Horrez gain, metaforikoki ere erabiltzen da politikan, herria eraiki, adibidez.

Bertsioa, kopiatu, inprimatu eta eraiki. Esandako arloekin lotzen nituen hitz eta aditz horiek orain arte. Baina janariari buruzko albiste batek (Berria egunkarian 2023ko urtarrilaren 7an argitaratua) elikagaien arlora eraman dizkit. Elikagaiak sortzen edo eraikitzen —hortxe duzue eraiki aditza— hasi dira gaitasun handiko 3D inprimagailu industrialak erabiliz —hemen, Euskal Herrian—. Alegia, txerriaren hirugiharra jan ordez, ilarrarekin eta oliba olioarekin hirugiharraren testura eta zaporea duen kopia sortzen dute —hortxe kopiatu aditza—. Elikagai berriak inprimatzeko —hortxe inprimatu aditza— haragi soberakinak eta landare jatorrizkoak erabiltzen dituzte, animalia gehiagoren hilketa eragozteko. 3Dko inprimagailuan inprimatutako elikagaiak ez dira txuletak, izokinak edo ostrak; txuletaren bertsioa, izokinaren bertsioa eta ostraren bertsioa dira. Beraz, originalak eta kopiak existitzen dira.

Harrigarria dirudi, zaila egiten da behi txuleta ez den beste txuletarik egongo denik pentsatzea. Baina… pentsatzen jarrita… angulak eta gulak badaude jada! Gauza bera omen da: gulak angularen bertsioa dira eta atera zituztenean inork ez zituela jango uste omen zen. Gaur egun, ordea, supermerkatuetan gulak badaude, angulak ez. Eta gulak saltzen dira, kopia nahiko onak direlako, asebetetzen dutelako, eta ez direlako originalak bezain garestiak.

Harridura aurpegiak irudika ditzaket lerro hauek irakurri dituzuenon artean; nazka aurpegia jartzen dutenak ere bai; sinesgaitz begiratzen dutenak ere bai, horrek ni ez nau harrapatuko esanez eta betiko txuletaren defentsa eginez. Aurpegiak aurpegi eta iritziak iritzi, kontua da bertsioa, kopiatu, inprimatu eta eraiki aditzak elikadura arloan sartu eta erabiltzen hasiak direla. Eta… nork daki, akaso Santixabeletan zikiro bertsioa izango dugu platerean!