Antipodetan

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2023ko ots. 15a, 07:58
“Jacinda Ardern-ek adimenez, indarrez eta enpatiarekin lideratzen erakutsi dio munduari eta askorentzat inspirazio iturri izan da”.

Egiteko modua da desberdina. Humanoagoa. Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak kargua utziko zuela iragarri zuen urtarrilaren 19an eta otsailaren 7an utzi du.

 

Kargua uzteko arrazoiak ere aipatu zituen: “Ez dut nahikoa energia lanarekin jarraitzeko. Gizakia naiz, politikariak gizakiak gara. Dena ematen dugu, ahal dugun denbora guztian. Eta orduan, ordua iristen da. Niretzat, iritsi da ordua. Uzteko unea da. Lider batek jakin behar du noiz utzi”.

Esandakoa; humanoa. Eta beste detaile bat; ez dizkiot inoiz horrelako adierazpenak entzun gizonezko agintari bati; are gehiago, gogo izpirik gabe ere hor jarraitzen dute askok eta askok.

2017an iritsi zen lehen ministro kargura 37 urterekin, Alderdi Laborista arrakastara eramanez eta munduko agintaririk gazteena bihurtuz, aldi berean. 2018an ama izan zen eta lehen ministro karguan egon bitartean erditu zuen munduko bigarren emakumea bihurtu zen, Pakistango lehen ministro Benazir Bhutto zenaren ondoren. Bi eginkizunak normaltasunez bateratzen saiatu zen, eta besteak beste, haur txikiarekin joan zen New Yorken ospatu zen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusira 2018an. Hori egin zuen lehen buruzagia izan zen eta irudiak zeresan handia eman zuen.

AINHOA AZPIROTZ

“Jacinda Ardern gehiago bagenitu munduko agintarien aulkietan, mundua beste modu batera gobernatzen asmatuko lukete”

Agintean egon den urteetan bere gobernuaren lehentasunak etxebizitzaren krisiari, haurren pobreziari eta gizarte desberdintasunei aurre egitea izan dira. 2019ko martxoan Christchurcheko meskitetako sarraskia gertatu zen —gizon zuri batek bi meskiten aurkako tiroketa burutu zuen eta 50 lagun hil eta gutxienez beste 50 zauritu ziren—. Ardern-ek hartu zuen lehen erabakia armen jabetzaren aurkako legeak ezartzea izan zen. Egun haietan belo islamiarra jantzita agertu zen jendaurrean, enpatia erakutsiz eta gutxiengo musulmanaren mina herrialde osoko herritarren min bihurtu zuen hitz  hauek esanda: “Tiroketak zuzenean eragin dien asko Zeelanda Berriko etorkinak dira, Zeelanda Berria hautatu dute euren etxe bihurtzeko eta hau da haien etxea. Haiek gu dira; gure aurkako indarkeria eraso hau, ordea, ez. Denok bat gara; haiek gu gara”.

Ekonomian adituak direnek diote Ardernen gobernuaren aurrekontuak ere desberdinak izan zirela, lehehengo aldiz herritarren ongizatea hartu zutelako kontuan eta ez hazkunde ekonomikoa. Klima aldaketaren eta indarkeria matxistaren aurkako edo osasun mentalaren aldeko borrokek isla izan zuten aurrekontuetan eta politiketan. Bi hitzetan esanda, aurrekontu gizatiarragoak eta jasangarriagoak.

Bere estiloaz honela idatzi dute hainbat komunikabideetan: adimenez eta indarrez lideratzen erakutsi diola munduari; enpatia lidergo ezaugarri indartsua dela frogatu duela; eta askorentzat inspirazio iturri izan dela.

Dimisioaren berri ematean, honako mezu hau plazaratu zien herritarrei: “Espero dut nire agintaldiaren ondoren herritarrek jakitea posible dela atsegina baina indartsua, ulerkorra baina irmoa, optimista baina errealista izatea”.

Ez dira oharkabean pasatzen diren hitzak, jarrerak eta erabakiak. Ezagutzen ditugu motibo gehiagogatik dimisioa eman beharko luketenak eta oraindik agintzen jarraitzen dutenak. Egindako okerrak inoiz onartzen ez dituztenak. Pertsonak direnik ematen ez dutenak; oilarren arteko liskarretan kateatzen direnak, kosta ahala kosta beraienari eutsiz. Eta gehienak gizonezkoak dira. Geografikoki ezezik, gobernatzeko ereduan ere antipodetan gaude.

Jacinda Ardern gehiago bagenitu munduko agintarien aulkietan, mundua beste modu batera gobernatzen asmatuko lukete eta beste kuku batek joko liguke.