Erdigunea logomakia izan ez dadin

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2023ko mar. 15a, 08:03

Pasa da aurtengo martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, kaleak morez tindatu diren eguna. Aldarrikapen ugarirekin egin dira manifestazioak eta bilkurak, hainbat injustizia amaitzeko eskatuz: arlo intimoko biolentzia, lan arloko desberdintasunak, botere guneetan ordezkaririk ez izatea eta beste zenbait.

Euskal Herriko mugimendu feministaren ardatz nagusietako bat zaintzarako eskubide kolektiboa izan da eta greba orokor baterako prozesua abiatuko du zaintza eskubidearen alde. Denon bizitzak erdigunean izena jarri diote prozesuari, eta zaintzak irauli eta erdigunean jarri nahi dira dena aldatzeko.

Gaur egungo gizarteak duen erronka nagusietako bat da –nagusiena ez bada‑ zaintzaren afera; zaintzeko eskubidea eta zainduak izateko eskubidea. Ezinbestean erdigunean jarri behar dena. Baina, zer da erdigunean jartzea? Ba al dakigu zer esan nahi duen gero eta gehiago entzuten dugun erdigune horrek? Esango nuke erdigunea logomakia bihurtzen ari dela, hau da, behin eta berriz erabiltzen da hitza, hitzari garrantzia emanez, baina gaiaren mamiari heldu gabe. Horixe ari da gertatzen erdigunea hitzarekin, beste hainbat hitzekin bezala: inklusioa, demokrazia, jasangarritasuna…

 

Ainhoa Azpirotz

“Esango nuke erdigunea logomakia bihurtzen ari dela, hau da, behin eta berriz erabiltzen da hitza, hitzari garrantzia emanez, baina mamiari heldu gabe”

 

Horrexegatik, hurrengo erronka logomakia izateari uztea da, zaintza erdigunean esatetik hori definitzera, zehaztera eta gauzatzera pasatzea. Badakigu zaintza merkantilizatuta dagoela, milaka emakume esplotazio egoeran ari direla lanean, zainduak izateko eskubidea unibertsala dela, jendeak behar dituen zaintza orduak eduki behar dituela, zaintza lan orok errekonozitua izan behar duela…

Baina nola gauzatzen da hori dena egunerokoan eta norberaren etxean? Nola konkretatzen da? Nola kolektibizatzen da? Horretan dago lana eta horrek mugitzen ditu gure barruak eta aldatzen gure aurpegiko koloreak. Galdera zuzenei erantzuteko unea da.

Esate baterako, martxoaren 5ean Berria egunkarian Silvia Carrizo eta Jessica Guzman etxeko langile izandakoek kazetariari egiten zioten galderari: “Zaintzaren gaiari ez bazaio erreparatzen orain, krisi galanta dator. Ez dugu migratzaileok izango, zuek izango duzue... Zergatik? Oraingo pentsioak ez dira izango etorkizunekoak; etorkizuneko pentsioak apalagoak izango dira, krisi asko izan dituzuelako... Orain pentsiodun batek, nola edo hala, langile egoiliar bat pagatzeko modua badu ere, gero ez da egongo horrelakorik. Eta migratzaileak, lanik ez badago, ez datoz. Zer egingo duzue?”

Karmele Mitxelena idazleak Haragizko mamuak liburuan beste egoera hau planteatzen du: “Aliciak, goizetako zaintzaileak, ateratzen du astelehenetik ostiralera, berak ere behar beste gogo eta indar ez duen arren; gogoak eta indarrak ordaintzen dizkiogu. Arratsaldeak eta asteburuak hiru anai-arrebon artean banatzen ditugu. Nire buruak nazka ematen dit larunbat arratsaldeak edo igande eguerdiak zotz egin behar izaten ditugunean hiruroi gaizki datozkigulako. Seme-alaba higuingarriak gara. Amarekin sofan eseri eta denbora alferrik galduaren sentipenak barrutik jaten gaitu esku pilotako partidari begira. Ez da justua, badakit. Ahalegintzen naiz sentitzen dudana ez sentitzen, baina ezin dut, ez dakit nola ez sentitu, ez dakit nola egiten den hori”. Aurreko astean Alazne Arrutik zioen bezala, “inguruan dauzkadanak zaintzeko ahaleginak egiten nabil eta aurrera begira, jaso dudan besteko tratua eskaini nahiko nieke maite ditudanei. Baina batzuetan, egoerak ez dira nahi bezain arrunt edo errazak”.

Adibide gehiago aurkituko ditugu egunerokotasunera jaitsita, eta hortik abiatuta asmatu beharko dira erantzunak.