Beste begiz begiratu

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2023ko api. 26a, 00:57

Beti ez da gertatzen, baina batzuetan bai; batzuetan kanpora edo leku berrietara joan eta gauza berriak ikusten dira, eta ikuspegia aldarazten digute; edo are hobea dena, ikuspegia irekiarazten digute. Horixe gertatu zaio lagun bati.

Aste Santuko oporretan bainuetxe txiki, xume eta herrikoi batera joateko aukera izan du. 35 ºC-tan zeuden bi putzu omen zeuden eraikinaren barrualdean eta beste hiru eraikinaren kanpoaldean, aire librean. Eta baita sauna bat ere. Behin sarrera ordainduta, nahieran ibili omen zitekeen, eta nahi adina denbora.

Putzutik putzura eta txorrotadatik txorrotadara pasa zuen denboran ez omen zuen ezer berezirik ikusi: jendea bera bezalaxe hara eta hona; batzuk isilik eta beste batzuk buila gehiago ateraz; banaka, binaka eta taldean; umeak, gazteak, helduak eta adinekoak.

AINHOA AZPIROTZ

“Bainuetxeak poroak irekitzeko ez ezik, ikuspegi berri batez jabetzeko ere balio izan zion”

Kanpoaldeko putzu baten izkinan zegoen une batean, ingurura begira jarri omen zen eta bat-batean zenbat gorputz desberdin zeuden ohartu zen. Lehen ere bazekien hori, jakina, baina gorputzen aniztasunaren kontzientzia handiagoa hartu zuen une hartan. Denak hantxe, baldintza berberetan, joko-arau berberekin, bainujantzitan putzu batetik bestera bustiz eta erlaxatuz. Gorputz guztiak desberdinak dira eta denak onartzen ziren bainuetxean, bakoitza bere ezaugarriekin eta berezitasunekin: argalak eta lodiak, azal zahar ximurdunak eta azal gazte leundunak; bizkar okertukoak eta gorputz lerden-lirainekoak; azal kolore zurikoak eta beltzaranak; hankak, bularraldea eta besoak ilez tapatuta dituztenak eta ile arrastorik gabeak; burusoilak, ile urdindunak, ile horiak eta ile kizkurdunak; bular handikoak eta bular txikikoak; errenka dabiltzanak eta saltoka dabiltzanak; kanpoko haize hotza gustura hartzen dutenak eta oilo ipurditan hotzak daudenak ur berotatik atera nahi ezik; bizkarra oreztaz beteta dutenak eta orezten ordez tatuajeak dituztenak...

Bainuetxeko gorputzei begira konturatu zen laguna han ez zegoela gorputz pobrerik eta aberatsik; gorputz guztiak bustita zeudela, ezin baita putzuan busti gabe egon. Arraza, erlijioa, hizkuntza, kultura, generoa eta jatorria dena delakoa izanda ere, han denak berdinduta zeuden. Sarrera bera ordaindu zuten denek eta denak ari ziren instalazio eta zerbitzu berberez  gozatzen, vip zonarik gabe.

Zenbat gorputz, zenbat gorputz desberdin. Zenbait lekuk eta egoerek berdindu egiten gaituzte, eta horretaz konturatu zela kontatu zidan lagunak. Bainuetxe hartan horixe bizitu zuela, eta gustatu egin zitzaiola begirada berriak erakutsi zion gorputzen berdintzea. Bainuetxeak poroak irekitzeko ez ezik, ikuspegi berri batez jabetzeko ere balio izan zion; alegia, ordura artekoa beste begi batzuekin ikusteko aukera eman zion. Beste begiz begiratzekoa, Joxan Artzek poema batean ederki azaldu zuen moduan.

 

Beste begiz begiratu

Ez zaizu zuri ere inoiz gertatu...?

Hamaikatan ikusitako zuhaitza,

ustez ikusitakoa,

han zenuen bestetan bezala...

Bestetan ez bezala, ordea, ikusi

zenuen egun batez,

nahiz eta bestetan legez hark zuri

begiratu;

bestetan ez bezala agertu zitzaizun;

beste begiz begiratu zuk nonbait,

ez  aurpegikoez soilik...!

Hortxe geldirik,

ixil-ixilik, zuhaitza,

ezer esan gabe

zer ez zizun esan une hartan!

 

Joxan Artze, Heriotzaren ataria dugu bizitza