Di-da batean

“Sinbolikoki bada ere, Herri Urrats ospatu zen, baina milaka euroko galera ekonomikoa ekarri dio Seaskari”

Izaten dira poliki-poliki gero eta grisago bilakatzen diren egunak eta horrelakoa izan zen maiatzaren 13a. Eguraldi iragarpenarekin batera, egunkarietako, irratietako, telebistako eta sare sozialetako albisteak eta titularrak aldatuz joan ziren, gero eta ilunago: Herri Urrats 40. jaialdiaren atarian; Uholdeen ondorioz bertan behera geratzear egon da Herri Urrats; Uholdeen ondorioz Herri Urrats ezingo da ospatu ohiko formatuan; Aurtengo Herri Urrats eguraldiak baldintzatuta ez da ohikoa izango; Egingo da Herri Urrats, gune bakar batera mugatuta; Eutsi diote Senpererako deiari.

Tantaka-tantaka, eguratsa ilunduz zihoan eta bekokiak ere bai. Ez da posible! Baina bai, irudiak lekuko: erreka gainezka, oholtzen azpitik ura barra-barra, lakua handituta, bideetan ura aterata… Sinetsi beste erremediorik ez zegoen.

Sinbolikoki bada ere, jaia ospatu zen, baina besta bere handitasun osoan ezin ospatze horrek milaka euroko galera ekonomikoa ekarri dio Seaskari. Maiatzaren 14ko Herri Urrats “mugatuarekin” ezinezkoa izan zitzaien eguneko gastuei ere aurre egitea eta galerak “izugarriak” izan direla adierazi dute. Horregatik egin dute deialdi zabal bat Euskal Herri luze zabalean: “elkartasun uholdea behar dugu zubiak eraikitzen jarraitzeko”. Sare sozialen bidez iritsi zaigu laguntza deialdia, baina ahotsez heldu balitzaigu, animalia zauritu baten orroa izango zatekeen. Halaxe geratu baitira Seaskako ikastolak; zaurituta, ahulduta, urteroko laguntza dosirik gabe.

 

Ainhoa Azpirotz:

“Nike eta Adidaseko kamiseta garestiak, Zarako merkeak edo ingeleseko esaldiak dituztenak erosi ordez, Herri Urratsekoak erosiko al ditugu?"

 

Berehala ireki dituzte ekarpen ekonomikoa egiteko bideak, bankuetako kontu korronteak eta arropa erosteko denda ere 24 orduz irekita. Bide batzuk, gainera, bidezidor azkarrak, errazak eta askok eskura dituen modukoak dira, bizuma, adibidez. Poltsikoan daramagun sakelakoa atera eta barran eskatutakoaren zain gauden bitartean, kafea hartu bitartean, lagun baten zain gauden bitartean edo ikastola atarian umearen zain gaudenean egin daiteke. Di-da batean. Eta ekarpena, bakoitzak bere neurrikoa. Taldeko whatsappean porra egiteko ere aitzakia polita izan daiteke: ea kuadrilan zenbat diru jartzea lortzen dugu! Ezetz lortu Usurbilen 5.000 euro bidaltzea Herri Urratsera! Aldameneko herrikoak zirikatu eta lehian sartuz gero, gehiago ere bai, agian! “Egunean behin”en 2021eko abenduko finalean 28.282 lagunek hartu zuten parte. Haietako bakoitzak 10 euro jarriko balitu Herri Urratsentzat, 282.820 euro izango lirateke.

Lortuko ote dugu? Tamainako erantzuna emango ote diegu? Euskal jendartea Gara eta Berria sortzeko erakutsi zuen elkartasuna erakusteko gai izango ote da 2023an? Pandemiaren ondoren bakoitzak bere zilborrari begiratzeko joera handitu den honetan, begiak altxa eta hori ez dela horrela frogatzeko kapazak izango ote gara? Nike eta Adidaseko kamiseta garestiak, Zarako merkeak edo ingeleseko esaldiak dituztenak erosi ordez, Herri Urratsekoak erosiko al ditugu?

Iparraldeko gurasoek eta ikasleek esan diguten moduan, gure laguntzarekin zubiak eraikitzen jarraitu ahal izango dugu, eta jadanik eraikita daudenak indartzen. Euskaraz bizitzen eta ikasten jarraitu nahi dute, eta gure laguntza behar dute, beste inorenik ez baitute. Di-da batean.