Shakira ez dator Santixabeletara

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2023ko eka. 20a, 15:57

Barrakatan euskaraz egitasmoaren berri iritsi zitzaidan orain dela gutxi whatsappeko mezu batean, spotify-ko bi zerrenda erabiltzeko gonbidapenarekin. Lehenengoa haurrentzako euskarazko musika zerrenda luze bat da, 447 abestirekin eta 1.301 “atsegin dut” jaso dituena orain arte; bigarren zerrendak gazte eta helduentzako euskarazko 1.000 abesti ditu eta 1.388 lagunek dute gustuko.

Afade eta Alkarbide elkarteek bultzatutako egitasmoa da eta barrakak euskalduntzeko saiakera berri bat da. Afade Euskadiko Ferialarien Elkartea da eta Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilgunea. Aspalditik ari dira elkarlanean barrakak euskalduntzeko ekimenak aurrera eramanez. 2011an egin zuten lehen lankidetza hitzarmena jai-esparruetan euskara sustatzeko EUDELekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Ondorioz, Alkarbidek Afaderi barrakatan jartzeko kartel ereduak eta musika-bildumak prestatzen dizkio, eta udalei ere banatzen diete jaietan egoki ikusten duten zabalkundea egin dezaten. Horrez gain, Afaderi aholkularitza eta laguntza ematen dizkio eta hitzarmenaren bitartez neurri hauek finkatu eta babestu egiten dira.

Esango nuke Usurbilen ere Udalak horrelako neurriak hartu izan dituela; kartelak eta prezioak euskaraz jartzea, euskarazko musika jartzeko eskatzea eta abar.

Ainhoa Azpirotz:

"Piribiri soinuarekin batera zergatik entzun behar dugu halabeharrez Shakira?"

Urte guztian ikastolan, eskolaz kanpoko ekintzetan, uda jolasen eta abar euskaraz bizitzen bagara, koherentzia mantenduz, barrakatan ere euskarazko kartelak irakurtzea eta euskarazko musika entzutea lehenestea funtsezkoa da. Eta baita fitxak euskaraz eskatzea ere, ferietako saleroslea euskaraz erantzuteko gai izan baitaiteke, zergatik ez.

Aisialdiko eremu erakargarria da barraketakoa, eta piribiri-piribiri soinuarekin batera zergatik entzun behar ditugu halabeharrez Shakira edo Bad Bunny? Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Ene kantak txokolatadan entzun daitezke, baina baita barrakatan ere. Gozategi, Gatibu eta Esne Beltza txosnetatik barraketara ere eraman daitezke. Ferietako salerosleak, udala eta herritarrak prest egonez gero, ez dago aitzakiarik. 447 eta 1.000 abestietako zerrendetan denetarik dago, bazkal ondorenerako zein ordu txikietarako moduko abestiak. Aukera faltagatik ez da izango eta bilatzen zailak direlako ere ez, Spotify-n oso modu eskuragarrian jarriak baitaude: barraketan euskaraz haurrak eta barraketan euskaraz gazteak eta helduak.