2.300.000. Hasteko, lehen albistean, bi milioi eta hirurehun mila herritarren zifra eman dute. Uztailaren 23ko Espainiako Gorteetako hauteskundeak direla-eta, posta bulegoak jendez gainezka omen daude posta bidezko botoa eskatzeko, eta orotara 2.300.000 herritarrek egin omen dute eskaera.
600.000 eta 48.000. Ondorengo albistean ere datuak protagonista: seirehun milatik gora eta ia berrogei eta zortzi mila. Hondarribiko eta Loiuko aireportuek inoizko bidaiaririk gehien izan dute pasa den ekainean eta errekorra hautsi dute. Loiun 600.000tik gora bidaiari baino gehiago ibili dira, iazko ekainean baino %13 gehiago. Hondarribiatik ia 48.000 bidaiari pasa dira, iaz baino %22 gehiago. Eta Forondan ez dute errekorrik hautsi, baina iaz baino %36 gehiago ibili dira, beraz, bidaiari kopuruak nabarmen egin du gora.
Ainhoa Azpirotz Eizmendi
"Arrakasta soziala zenbakitan neurtzera tematuta gaude"
Sanferminetan ere datuak nagusi: %47 igo dira lapurretak. Uztailaren 10a bitartean 1.200 salaketa egon ziren eta horietatik 900 baino gehiago lapurretengatik. Bereziki parkinetan lo zegoen jendeari egindako lapurretak izan dira, eta nagusiki sakelakoen lapurretak, gero bigarren eskuko merkatuan saltzeko.
130.000. Frantzian, uztailaren 14ko festa nazionalean sortu zitezkeen istiluei aurre egiteko ehun eta hogeita hamar mila polizia eta jendarme atera ziren kaleetara.
1.400. 58 herrialdetatik iritsitako mila eta laurehun kirolari baino gehiagok hartuko zuten parte Gasteizko Ironmanean.
Datuak, datuak eta datuak; zenbat eta altuagoak, hobe; zenbat eta puztuagoak, arrakasta eskurago. Arrakasta soziala zenbakitan neurtzera tematuta gaude, helburua aldamenekoa baino gehiago lortzea delarik, arrastaka iritsi behar badugu ere.