Alarma gehitxo

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2023ko ira. 27a, 07:49

“Mingainetik kendu didazu” esan ohi da esatera goazen hori aurretik beste norbaitek esaten duenean, justugatik aurreratu zaigunean. Horixe pasa zitzaidan Berrian Mikel Elorzaren Alarmismo meteorologikoa iritzi artikulua irakurri nuenean.

Bat egiten dut Elorzak dioenarekin; gehitxo iruditzen zait. Gauza bat da eguraldiaren iragarpena egitea eta bestea alarma batetik bestera ibiltzea: orain horia, gero laranja, hurrena berriz horia, biharamunean gorria… edo egun berean denak.

Hiztegian lehendik genituen hitzak alarma hitzarekin lotuta aurkezten dizkigute orain: zaparrada, euria, kazkabarra, ekaitza, bero sapa, sargoria, hego haizea… dena da arriskutsua; dena hori, laranja edo gorri.

 

Ainhoa Azpirotz

“Gehitxo egiten zait eguneroko alarma eta alerta erauntsia”

 

Muturreko eguraldi agerpenak bizi ditugu, hala da; golf piloten tamainako izotz puskak utzi dituen kazkabarra ikusi dugu; termometroa egun askotan egon da 35ºCtik gora, bero itogarria eraginez; haize zakarra sarri eta gogor iristen zaigu; euriteek uzta hondatzen dute… Hori horrela da, baina niri ere gehitxo egiten zait “eguneroko alarma eta alerta erauntsia”.

Era berean, ulertzen dut instituzioek alarmak iragartzeko duten jarrera. Normala da, edozein hondamendi, istripu edo gertaeren aurrean haiengana jotzen baitugu kexatzera, exijitzera eta indemnizazioak eskatzera: kalean estropezu egin baldin badugu, udalaren errua da koska ez kentzeagatik; haizeak adarrak puskatu eta bide erdian geratu baldin badira, etor daitezela udaltzainak edo ertzainak gu pasatzeko bidea libratzera; elurra egiten zuenean lehen baserrietan norberak irekitzen zuen bidea atarian, orain herriko langileei, diputaziokoei edo dena delakoei exijitzen diegu lan hori egin dezaten; deshidratatzen baldin bagara, ez da ura edan ez dugulako, baizik eta ez digutelako abisatu 40ºC eta bero itogarria egingo zuela. Horrela jarrita gaude, ardura besteei pasatzen iaioak bihurtu gara. Eta hori ikusita, normala da instituzioek alarma egoerak iragartzea; ez dezagula esan abisatu ez dutenik.

Bata bestearen aitzakian, alarmismo meteorologikoa nagusitu zaigu udako hilabeteetan. Udazkenean eta neguan ere horrela jarraitzen baldin badugu, zuri-beltzeko telebista eskatuko diot Olentzerori. Eta azaroaren 30ean piztuko den alarma moreari begira jarriko naiz, beste mota bateko alerta baita. Bueno, Usurbilen urriaren erdialdean ere astinduko da kolore morea.