Geroztik arropak zabaltzen edo jasotzen aritu naizenean inguruko balkoietara begiratu dut. Aldameneko portaleko bigarren pisukoa ikusi dut ni bezala; behin baino gehiagotan egin diogu elkarri kasu eskuetan arropa eta pintzak ditugula. Haren aldameneko balkoian ere arropak zabalduta egoten dira lehortzen. Baina… begirada luzatu eta… ez dira askoz balkoi gehiagotan ikusten arropak lehortzen. Arraroak ote gara? Ezohikoak?
Herrian barrena egin berri dudan paseo batean horretan jarri nuen arreta: Santuenean, Etxealdian, Bizkarren, Eguzkitzaldean, Kaxkoan, Olarrondon… ikusi nituen arropa zabaltzeko sokak jarrita eta zenbait etxetan arropak zintzilikatuta; baita jendea arropa zabaltzen eta jasotzen ere. Mugimendua eta kolorea ikusi nituen. Txaramunton, Artzabalen, Kale Nagusian, makilen parkean eta Ugartondon ez; balkoietan eta leihoetan sokarik ez; balkoi bakanen batean esekitoki bat baino ez. Ez mugimendurik, ez kolorerik.
Harrigarria egin zait bereizketa: auzo zaharragoetako etxeetan arropak zintzilik ikusten dira lehor daitezen; auzo berriagoetan ez. Batzuk esan didate estetikagatik erabaki zela haien etxeetan arropa zintzilikatzeko sokarik ez jartzea eta arropak ez zabaltzea. Denak ados zeuden nonbait arropak esekita ikustea ez dela estetikoa erabakitzerakoan. Eta beraz, komunitateak erabakita, etxe horietan ezin da arropa kanpoan zintzilik jarri.
Beste detaile bat ere aipatu didate: normalean auzo berriagoetako etxeetan arropa lehorgailua izaten dutela eta beraz, arropak han lehortzen baldin badituzte, ez dute ez sokarik ez esekitokirik behar; garbigailutik lehorgailura eta lehorgailutik armairura. Dena etxe barruan.
Ainhoa Azpirotz Eizmendi:
“Etxe batzuetan estetikagatik erabaki omen zuten arropa zintzilikatzeko sokarik ez jartzea”
Larbain baserrian, berriz, kanpoaldean soka pare bat dauzkate jarrita eta han lehortzen dira arropak eguzkiaren berotan eta haizearen mugimenduarekin. Baserri gehiagotan ere ikusia naiz, eta San Inazioko etxe batzuetan ere bai.
AEBn sundrying modan jartzen ari omen da, arropak eguzkitan lehortzea, alegia; jasangarria, ekologikoa, energia aurrezteko modukoa… delako. Eta gu, hemen, arau estetikoak jartzen, mugimendua eta kolorea ezkutatzen eta haizearen usainaz lehortutako maindireen fereka galtzen. AEBtik moda iristean berreskuratuko ote ditugu lehengo ohiturak?
Ahal banu, Zumetari galdetuko nioke zer iritzi duen estetikaren irakurketa honetaz, frontoi atzeko mural koloretsuaren egileari.