Azaroaren 25ari lotuta, Urbasa, Orio, Iruñea, Gasteiz… datozkit gogora. Bortxaketa, jipoiak, labankadak, hilketa bikarioa, adingabeen hilketa, suizidioa; gizona, emakumea, umeak… biktimak, erasotzaileak… Amorrua, haserrea, inpotentzia, gorrotoa, beldurra… sentitzen dira. Eta nazka; nazka ere bai, higuina, goragalea. Egun horretan Lau ahizpa magikoak pelikulako emakume “gaiztoa” bezala atera beharko genuke, emakume guztiok ahotik apoak botaz. Gure nazka adierazko modu bat izango litzateke.
Azaroaren 30ak, berriz, galdera asko sorrarazten dizkit, eta erantzunak falta zaizkit. Euskal Herriko Mugimendu Feministak Denon Bizitzak Erdigunean prozesua abiatu zuen 2022an, zaintza sistema iraultzeko, eta bide horretan greba mugarri izango dela diote. Lanuzte eguna izango da, orokorra eta feminista.
Ainhoa Azpirotz:
“Zer gertatuko da zahar egoitzetako adineko pertsonekin zaintzaileek greba egiten baldin badute?”
Ideiak argi daude, greba egiteko arrazoiak ere bai, baina jada hainbat andre arrazializatuk salatu dute (Zumaian, 2023ko azaroaren 11n) ez dutela greba egiteko eskubiderik eta aukerarik. Greba estrategia baztertzaile bat dela argudiatu dute, “pertsona arrazializatu, migratu eta ijito gehienak sektore arautu gabeetan edo babes sindikalik gabekoetan lan egiten duten heinean, hala nola etxeko lanetan edo kaleko salmentan”. Baldintza horietan grebarekin ezin dutela bat egin diote, eta mugimendu feminista, oro har, “zuria” dela. “Greba al da zaintza krisia salatzeko tresnarik egokiena?”, galdetzen dute.
Familian edo inguruan dauden egoerez pentsatzen jarrita, galdera ugari sortzen zaizkit: zer gertatuko da praktikan azaroaren 30ean? Zer gertatuko da emakume interna batek ez badu grebarik egiten? Eta greba egiten baldin badu, ekonomikoki zer suposatuko dio? Eta nork zainduko du zaintzen duen pertsona? Etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileek greba egiten baldin badute, nor joango da etxe horietara azaroaren 30ean? Zahar egoitzetako langileek greba egiten baldin badute, zer gertatuko da bertako adineko pertsonekin? Akaso azaroaren 30ean lan horiek egiteko prest dauden gizonen zerrenda bat egin beharko genuke?
Galderak soberan daude, baina galderek hausnartzeko eta erantzunak bilatzeko bidea irekitzen dute, eta une honetan erantzun praktikoak emateko eta zaintza sistema iraultzen hasteko momentu egokian gaude.