Erosketak eta eroketak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2024ko urt. 10a, 08:26

Gaindosira iritsi naiz. Saturazio puntura ailegatu eta amore eman dut. Sinplifikatu egin nahi dut, baina ez da erraza.

Ogia erostera joan eta “zein ogi nahi duzu? Handia, txikia, mediana, txalupa, integrala, gatzik gabekoa, arto-irinekoa, pasak eta intxaurrak dituena, pipaduna, mendiko, mendiko bital, familiarra, zopako ogia, kaseroa... Uf, a ze zorabioa. Ogi bat eskatu dut, besterik ez...

Bonbilla bat erostera joan eta master bat egin behar dudala sentitu dut. “Nolakoa nahi duzu?” Eta minutu batean kolorea, kontsumo maila, potentzia eta konexio mota jakin behar ditut eta ateratzen zaizkidan aukerei iraupena eta prezio konparaketak gehitu behar dizkiet. Master bat behar da azken erabakia zuzena, egokia eta bermeak dituena izateko; ia-ia loteria tokatzea bezalakoa da.

 

Ainhoa Azpirotz:

"Makarroiei gainetik botatzeko gazta birrinduak ez ote du balioko pizzari botatzeko?"

 

Supermerkatura jogurtak erostera joan eta zer da hau? Hamar metro luzeko apalategia, dena jogurtez betea: naturalak, zaporedunak, gaingabetuak, grekoa, zerealdunak eta bifidus aktiboa dutenak; txikiak, ertainak eta handiak; mamiak, flanak eta natilak. Eta hori dena bider bost edo sei marka, marka bakoitzak bereak dituelako.

Pareko apalategira begiratu eta gaztekin beste horrenbeste. Posible ote da hainbeste gazta klase egotea? Zer diferentzia egongo da batetik bestera? Makarroiei gainetik botatzeko gazta birrinduak ez ote du balioko pizzari botatzeko?

Ez da gutxiagokoa kiroletako oinetakoekin pasatzen dena. Ezin da kiroletako oinetako orokorrik erosi, kirol bakoitzerako zapatila mota bat dago: korrikarako, teniserako, boleibolerako, ibiltzeko, mendirako, gimnasiarako, pelotarako... Kalean ibiltzen hasi eta umearen atzetik korrika hasiz gero, adi, zapatilak aldatu behar dira aurrena! Belarretatik frontoira pasatzen bagara ere bai, lurzorua desberdina baita! A ze lanak! Erotzekoa.

Kuban bizitako euskaldun batek dio bere alaba Euskal Herrian Disneylandian bezala dagoela, harrituta eta ahozabalik hainbesteko aukerarekin. Ni, ordea, harriduratik galduta sentitzera pasa naiz. Sinplifikatu egin nahi dut, baina ez dago erraza. Nondik hasiko naiz?