Sasiegunak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2024ko ots. 7a, 07:04
“Ez dira gauza bera Nazioarteko Egunak, Munduko Egunak eta Egunak”.

Arreta eman zidan alabak “gaur Kroketaren Eguna da” esateak. Kroketarena? Eta bai, hortxe dago agendan: urtarrilak 16, Kroketaren eguna. Hori ere ba al dugu?

Data bitxi horri tiraka, urtarrilaren 16an Kroketen egunaz gain, Beatlesena, janari pikanteena eta elurrarena ere ba omen dira. Ez dirudi oso serioa honek guztiak…

Bizipozak egin duen 2024. urteko egutegia etorri zait gogora. Hilabetez hilabete aldarrikapen egunak izendatu dituzte eta hilabete honetan, otsailean, hauek daude: Sortzetiko Kardiopatiaren Nazioarteko Eguna hilaren 14an, Haur Minbizidunen Nazioarteko Eguna hilaren 15ean, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna 21ean eta Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna 29an.

Jakin-mina piztu dit gaiak, informatzen hasi naiz eta kategoria desberdinetako egunak daudela jabetu naiz: Nazioarteko Egunak, Munduko Egunak eta Egunak.

Nazioarteko Egunak Nazio Batuen Batzar Orokorrak erabakitako egunak dira eta oso eginkizun zehatzak dituzte: lehenengoa Nazio Batuen Hitzarmenaren helburuak betetzen laguntzea, eta bigarrena jendea ohartaraztea kultura, gizarte eta politika arazoez. Egun batzuk gertakari zehatzak oroitzeko aldarrikatzen dira eta beste batzuekin gai eta arazo jakin batzuei buruzko informazioa zabaltzea da asmoa. Nazioarteko Egunen artean daude Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna abenduaren 10ean, Emakumearen Nazioarteko Eguna martxoaren 8an, Liburuaren Nazioarteko eguna apirilaren 23an eta abar. Bueno, ondo arrazoitutako egunak.

Besteak, nazioartekoak ez diren egunak, munduan zehar dauden beste erakunde batzuk izendatzen dituzte eta horiei Munduko Egunak deitzen zaie. Horien artean daude Esnearen Munduko Eguna ekainaren 1ean, Txotxongiloen Munduko Eguna martxoaren 21ean, Hezeguneen Munduko Eguna otsailaren 2an edota Postaren Munduko Eguna urriaren 9an. Bueno, ez dirudite hain pisuzko egunak.

 

Ainhoa Azpirotz:

"Txikikeriak eta pisuzko aldarrikapenak maila berean? Aldea dago batetik bestera, baina jabetzen ote gara?"

 

Eta azkenik, egunak daude, Nazioarteko eta Munduko hitzak aurretik ez dituztenak: Lurraren Eguna apirilaren 22an, Interneten eguna maiatzaren 17an; Ozeanoen Eguna ekainaren 8an; Proba Nuklearren Kontrako Eguna abuztuaren 29an... Bueno, edonor sortzeko moduko egunak.

Aldea dago batetik bestera, baina jabetzen ote gara? Konturatzen ote gara ez dela gauza bera Janari pikanteen Eguna eta HIESaren Aurkako Nazioarteko Eguna? Txikikeriak eta pisuzko aldarrikapenak maila berean jartzeko joera zabaltzen ari ote den da nire kezka. Eta hori zeren sintoma den galdetzen diot neure buruari.