Trenean emakume bat eta gizon bat elkarrekin hitz egiten doaz. “Ni horrelakoa naiz” errepikatu du gizonak hiru aldiz. Zer esan nahi ote dio? Bera den bezalakoa dela eta ez dela aldatuko? Betaurreko moreekin matxista samarra ematen du komentarioak, eta are gehiago hiru aldiz errepikatu ondoren…
Hurrengo bagoian beste bikote bat doa, aurrez aurre eserita. Emakume gaztea gizon gazteari kargu hartzen ari zaio: “Zuri dena gurasoek eman dizute, haiengatik zaude zauden lekuan”. Mutilak batera eta bestera mugituz ukatu egiten du. “Zergatik ez duzu fundamentuzko lan bat bilatzen?”, gaineratzen dio neskak. Betaurreko moreekin, emakume ahaldundu bat ikus daiteke, mutil gaztea ez dago harro plantekin neskaren aurrean, neskak helduago dirudi, oinak lurrean dituena, eta mutilari pentsatzen duena esaten dio.
Pare bat eserleku aurrerago mutil gazte bat aurrean duen neska limurtzen saiatzen ari da, baina badirudi neskak ez duela oso gogoko. Esaten duen guztiari buruarekin ezetz erantzuten dio. “Nik antzeman egiten dut nor interesatzen zaidan eta nor ez” bota dio neskak tinko. Mutilak barre egin du, sinetsiko ez balu bezala. Betaurreko moreekin neska ahaldundu bat ikusten da, gauzak garbi dituena, parean egokitu zaion mutilaren lausenguei jaramonik egiten ez diena.
Ainhoa Azpirotz
“Betaurreko moreak janzteak beste begirada bat ematen du, erneagoa, ahaldunduagoa”
Azken bikotea trenik atera denean, bakoitzak bere bideari heldu dio; mutilak eskuinaldera jo du eta neskak ezkerraldera. Elkarrengandik pixka bat aldendu direnean, mutilak txistu egin dio, baina neskak ez du burua jiratu. Orduan, mutila neskarengana abiatu da; bere pareraino iritsi, besotik heldu, zerbait esan eta alde egin du. Betaurreko moreekin lekuz kanpoko jokaera ikusten da mutilaren aldetik, setatsua, intentzio garbirik ez duena. Neskaren tinkotasunak eta segurtasunak, berriz, lasaitasuna ematen du.
Betaurreko moreak janzteak beste begirada bat ematen du, erneagoa, ahaldunduagoa, eta ñabardurak ikustea ahalbidetzen du. Kontua da betaurreko moreak jantzitako gero eta jende gehiago izatea trenean, kalean, lanean, etxean eta edonon.