Aitzakia modura erabiltzen da egun hori irakurzaletasuna sustatzeko. Zeren inork ez du zalantzan jartzen irakurzaletasuna sustatu egin behar dela. Irakurtzea onuragarria da umeentzat, nerabeentzat, gazteentzat eta helduentzat. Bai, helduentzat ere bai. Ez ditzagun jarri beti jomugan umeak, nerabeak eta gazteak. Irakurtzeak garuna garatzen eta kontzentratzen laguntzen du; irudimena bultzatzen du; enpatia izaten laguntzen du; gaixotasun neurodenegeneratiboak saihesteko aukera ematen du; eta egokiago hitz egiten laguntzen du, besteak beste. Ikerketek diote hori dena.
Eta hala ere, umeen kasuan bezala, heldu batzuentzat irakurtzea plazerezko ekintza den bitartean, beste batzuentzat denbora galtze huts bat besterik ez da. Batzuentzat denbora-pasa zoragarria da irakurtzea; beste batzuentzat, aldiz, behartutako ekintza bat.
Ainhoa Azpirotz:
“Agian liburuek gure bizitza sozialean presentzia gehiago edukitzeak irakurzaletasuna sustatzen lagunduko luke”
Agian gehiago sozializatuta egoteak lagunduko luke, gure bizitzetan liburuek eta irakurketak presentzia gehiago edukitzeak, alegia. Hori pentsarazi didate azkenaldian ikusitako pare bat gauzek. Bata, telefono kabina bat liburutegi bihurtuta ikusteak. Herrian daukagun puntu horia bezala, baina telefono kabina bat. Hantxe zegoen, liburuz betea, edonork hartzeko moduan. Eta non? Eski estazio batean. Jendea ibiltzen den lekuan. Eskiko materiala alokatzeko dendaren eta taberna baten parean. Ez da kokapen txarra.
Eta bestea, Donostiako zinema batean. Sarrera nagusitik sartu eta barruko aretoetara iritsi aurretik, txoko batean (hau da, zinemara joandako guztiak pasatzen diren lekuan), liburu-makina bat zegoen. Kafe-makina, edari-makina edo sandwich-makina bezalakoa, baina barruan liburuak dituena. Liburu gaurkotuak, ongi aukeratuak eta modu txukunean.
Ospitaleko janari- eta edari-makinen ondoan horrelako bat irudikatzen duzue? Normalean irakurtzeko denbora izan dezakegun lekua da... Edo kiroldegiko makinen ondoan? Gorputzarekin batera burua, munduaren ikuspegia eta errealitatearen irakurketa ere osasuntsu edukitzeko. Edo Laurok-eko makinen ondoan liburu-makina bat? Ikastolan irakurrarazitako liburuak ez diren beste liburu batzuekin, adibidez? Bakartxoren eta Breoganen irizpideekin egindako eskaintza batekin? Kromo trukean aritzeaz gain liburuetako pertsonaien gorabeherez aritzeko? Zergatik ez?