Ezin aise ase

Edozein aitzakiak balio du lanera ez joateko. Eta jendeak zergatik ez du, bada, lanera joan nahi? Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean entzun nion Angel Toña Enpresa eta Ekonomia Zientzietan doktoreari eta Deustuko Unibertsitatean Ekonomia irakasle denari arrazoia.

Astelehena,

jai ondoko alperra,

lanik ez egiteko,

ez goaz lanera,

ez goaz lanera (lau)

 

Asteartea,

euria goitik behera,

bustiko ez bagara,

ez goaz lanera,

ez goaz lanera (lau)

Eta horrela aste guztiaren errepasoa egiten du abesti herrikoiak: asteazkenean osaba ezkontzen delako, ostegunean amonaren eguna delako, ostiralean haginetako mina, larunbatean egun erdiko lana eta igandean lantegia itxita.

Edozein aitzakiak balio du lanera ez joateko. Eta jendeak zergatik ez du, bada, lanera joan nahi? Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean entzun nion Angel Toña Enpresa eta Ekonomia Zientzietan doktoreari eta Deustuko Unibertsitatean Ekonomia irakasle denari arrazoia. Gaur egungo lan merkatuari buruz hitz egiten ari ziren Euskadi Irratiako Goiz Kronika saioan: lan mundua asko aldatzen ari dela eta iraultza teknologikoak eta adimen artifizialak aldaketa handiak ekarriko dituztela zioten. Eta robotikak eta automatizazioak lanpostu batzuk desagerrarazi egingo dituztela eta lanpostu berriak ere sortuko direla.

Ainhoa Azpirotz:

“Pertsona gehienentzat lanera joateak nahigabea sortzen omen du, ez garelako ase sentitzen”

Datuak datu, Toñak zioen arazo handiena ez direla aldaketa eta ondorio horiek denak, baizik eta, jendea ez dagoela pozik bere lanarekin. Pertsona gehienentzat lanera joateak nahigabea sortzen omen du, atsekabea, eta ez omen dira kontent joaten. Ez gaudela pozik zioen.

Zergatik? Ez garelako ase sentitzen. Orain dela 100 urte ekonomialari batek zera esan omen zuen: gaur egun 15 ordu lana egitea nahikoa izango zela. Baina ez da horrelakorik gertatu, orduan baino ordu gehiago egiten dugu lan. Zergatik? Toñaren ustez ez garelako ase, ez gaudelako pozik. Gure desioak infinituak direla zioen, beti pentsatzen dugula guk diru gutxi irabazten dugula edo besteek gehiegi irabazten dutela; guk lan asko egiten dugula eta besteek gutxi. Betikoa; urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Atsekabe horretan sartuta omen gaude.

Gainera, gure aisiarako ere dirua behar dugula zioen. Gure oporrez edo aisialdiaz gozatzeko gutxitan edo inoiz ez omen dugu pentsatzen diru gabe egin dezakegunik. Beraz, dirua behar badugu, lan gehiago egin behar dugu eta soldata hobea behar dugu. Ondorioz, sekula ez gaude pozik.

Toñaren hitzek beste errealitate bat jarri didate begien aurrean: ekonomia globala, teknologia berrien bilakaera, lanpostu eskaintza… gauza asko ez daude gure esku, baina lanarekiko jarrera bai. Eta zenbat kostatzen zaigun gure esku dauden gauzetatik hastea.