Handik 4 km.ra iritsi ginen hurrengo herrira eta gauza bera: herriaren izena jartzen zuen seinalea alderantziz. Ia arnasarik hartu gabe gurutzatu genuen herria, errepidearen alde bietako etxeei erreparatu ere egin gabe, herri irteerako seinalea nola topatuko genuen pentsatzen ari baikinen. Eta hura ere buruz behera. Bitxia benetan!
Hurrengo herrian berdin, hurrengoan ere bai… bosgarren herriaren sarrerako seinalea egurrezkoa eta ongi apaindutakoa zen, eta hura ere buruz behera zegoen.
Zergatik ote zeuden herriaren izena jartzen zuten herri sarreretako eta irteeretako seinaleak buruz behera? Kotxean gindoazen guztion jakin-mina handituz zihoan eta aukera posibleak botatzen hasi ginen:
- Agian ez dute nahi herriaren izena irakurtzerik.
- Hizkuntza gutxituen aldeko aldarrikapen bat izan daiteke, frantsesez idatzita dauden herri-izenen aurka.
- Seguru protestaren bat egiteko aldatu dituztela.
- Nik apustu egingo nuke performance batekin zerikusia duela: artistaren baten lana izango dela.
- Akaso behin-behineko kontu bat izango da.
- Seinale berriak jarri aurretik zaharrekin jolastu nahi izango zuten agian.
- Edo mezuren bat eman nahiko dute horrekin…
Konturatzerako aukera posible dezente bururatu zitzaizkigula konturatu ginen. Izugarrizko ideien zaparrada izan zen. Seinaleen aitzakian gure sormenari bide eman genion, burutaziorik xelebreena ere posible eginez barre artean. A ze imajinazioa denona. Mundu koadratu eta zurrunetik atera ginen eta nahiz eta jakin errealitatean erantzuna edo arrazoia bakarra izango zela, guk beste hamaika irudikatu genituen.
Ainhoa Azpirotz Eizmendi: “Ideiak ibilian hasten direnean, aukera gehiago irekitzen dira”
Gehiagotan egin beharko genukeen ariketa dela ohartu ginen. Zertarako? Bizitzan erantzun posible bat baino gehiago egon daitezkeela jabetzeko. Askotan ideiak zerrendatzen hasten garenean berehala erantzuten digute edo erantzuten dugu ezinezkoa dela, astakeria dela… eta hortxe geratzen da ideia hori moztuta, akabatuta. Aldiz, kotxean gertatu zitzaigun bezala mugarik gabe ideia berriak ibilian hasten direnean, oharkabean pasatako aukerak edo norberak irudikatu gabeko posibilitateak ikusten hasten gara. Mundua zabaldu egiten da. Ikuspegia ireki eta aukera bat baino gehiago egon daitezkeela jabetzeko ariketa bikaina da.