1.000 metroko desnibelik ez daukagu kaxkotik Andatzara, baina mila pauso baino gehiago egingo ditugu gurutzera edo buzoira iristerako. 1.000 pezetako billete berdea aspalditxo desagertu zen eta 1.000 eurokorik ez da existitzen. Azken hilabetetan euri asko egin du, baina 1.000 mm adina ez.
Elizako kanpandorreko erlojuak mila buelta baino askoz gehiago emanak ditu martxan jarriz zenez geroztik. Tik-tak, tik-tak, mila ordutik gora, mila minututik gora eta mila segundo baino askoz gehiago. “40 minutuz mila taupada”, kantatzen du Eñaut Elorrietak.
Mila ilargi bete baino gehiago egin ditu kanpandorreak dema plazako 1.000 kg-tik gorako harriaren zaindari, eta baita lurreko milaka harri txikiren behatzaile ere.
Mila egunetik gora bizitu ditu 3 urtetik gorako edonork, eta baita mila eta bat gau baino gehiago ere. Mila urterik ez, ordea; horiek gehitxo dira bizidunontzat.
Sagardoa egiteko denboraldia iristen denean 1.000 kg-ko kopurua aise gainditzen dute herriko sagardotegiek. Guztien artean urtero 4 miloi kilo sagar baino gehiago zukutzen dituzte eta 2 miloi eta erdi edo 3 miloi litro sagardo pilatzen dira upeletan eta botiletan.
Porruak milaka ez, zientoka landatzen dira. Arrautzak dozenaka kontatzen dira. Erle espezieak 20.000 direla ikasi dugu pelikula bati esker; 20 aldiz mila.
Usurbildik 1.000 km iparralderantz joanda itsasoan amaituko dugu; hegoalderantz jota Andaluzian; ekialdera abiatuta Pirinioak zeharkatuko ditugu, Mediterraneora gerturatzeko; eta mendebaldera Galizia eta Atlantikoa zapalduko ditugu.
Ainhoa Azpirotz Eizmendi: “Badira mila motibo kantatzeko alai”
Mila aitzakia topa daitezke 1.000 zenbakia borobil bihurtzeko, ospakizun bilakatzeko. Edo aitzakia bakar bat ere nahikoa izan daiteke. Kontuak kontu eta zenbakiak zenbaki, 2024ko uztailaren 19an Noaua! aldizkariaren 1.000 zenbakia iritsi da Usurbilgo milatik gora etxetara, mila buzoi baino gehiagotan egin du kuku.
1.000 zenbakia, alajaina! Dudarik gabe, badira mila motibo kantatzeko alai.