Arratsaldez itxita

“9:00etatik 14:00etara. Goizez. Udalean, diputazioan, anbulatorioan... zerbitzu publikoen ordutegia goizez soilik da, antza denez”.

Digitalizazioak, besteak beste, hainbat tramite etxetik ordenagailu bidez egiteko aukera ematen du eta udal askok ere aukera hori irekita daukate. Horrexegatik hasi nintzen igande batez, etxetik, denbora nahikoa hartuta, behar nuen tramitea egiten. Baina kasualitatea! Nik behar nuen dokumentua eskuratzeko aukerarik ez zegoen, aurrez aurre udalera joan beharra zegoen. Beraz, ezin izan nuen digitalizazioaren abantailez baliatu.

Hurrengo goizean udaletxera iritsi eta atea itxita. Atzera eta aurrera goiko argitxoari begira ibili nintzen, ate automatikoa irekitzeko ahaleginean. Aurrera begiratutakoan irakurri nuen oharra: “Harrera. Ordutegia 9:00-14:00”. Bederatziak laurden gutxi ziren, beraz, itxoitea zegokidan.

Ordulaurdenak buruari eta irudimenari eragiteko denbora eman zidan. Hasteko, uste nuen 8:00etan irekitzen zutela harrera, baina hilabete lehenago aldatu omen zuten arreta ordua: 9:00etatik 14:00etara. Goizez. Udalean, diputazioan, anbulatorioan... zerbitzu publikoen ordutegia goizez soilik da, antza denez.

Ainhoa Azpirotz Eizmendi: “Zer gertatuko litzateke zerbitzu eta lanbide guztietan goizeko ordutegiarekin soilik funtzionatuko balitz?"

Eta zer gertatzen da goizez joan ezin dutenekin? Agian lanera beranduago joan eta beranduago ateratzeko aukera izango dute, nire kasuan bezala. Edo akaso baimen bat eskatu beharko dute. Beste batzuk ezingo dute inolaz ere goizez udalera bertaratu. Orduan, herritar horiek arreta jaso gabe geratuko ote dira? Ez ote litzateke posible arratsalde batzuetan ere irekitzea herritar guztiei aukera emateko? Bilera erronda ireki bat egin daiteke auzoz auzo herritarren iritzia ezagutzeko eta ordutegi proposamenak egiteko.

Esan bezala, itxoiten pasa nuen ordu-laurdenean irudimenak bere bidean jarraitu zuen. Eta une batez beste zerbitzuen eta lanbideen ordutegia goizekoa soilik balitz zer gertatuko litzatekeen imajinatzen hasi nintzen: Eroski eta BM goizez soilik irekita, arratsaldez itxita. Garbigailuaren teknikoa hurrengo goizera arte ezingo dela pasa esanez. Iturginak 14:00etan arropa aldatu eta hurrengo egunera arte agurtzen. Interneten matxurak artatzeko 8:00etatik 14:00etara deitzeko esanez telefono konpainiako operadorea. Amazoneko banatzailea ere goizeko lanaldiarekin soilik. Eta kotxea mekanikoarenean utzi ezinik arratsaldez itxita dagoelako.

Zergatik ez? Batzuek itxoin baldin badezakete, beste batzuek ere bai, ezta? Arreta emateko goizeko ordutegia baldin bada egokiena eta langileentzat ere ideala, lanbide gehiagotara zabaldu eta probatuko balitz? Denek “arratsaldez itxita” eskegiko balute?