Bilobak, birbilobak eta herenilobak Behobiatik Donostiara

“Aiba! Zeinen istorio politta!”, “Ze ideia ona!”, “Ederra!”, “Hunkigarria!”, “A, baina irabazi egin al zuen?”, “Orain dela 100 urte? Eta orain ondorengoak aterako zarete? Mundiala da!”.

Istorioa, ekimena edo egitera goazena kontatu diegun guztiek antzeko erantzunak eman dizkigute, eta erantzunek horri buruz idaztera animatu naute. Bai, istorioa politta delako, eta guri ilusio berezia eta emozioa eragiten digulako.

Dena duela bi urte hasi zen, 2022ko lehengusu bazkarian. “Ba al dakizue 2024an 100 urte beteko direla attonak Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuela?” gogorarazi zuen batek. “Ederra litzateke 100. urteurrena ospatzeko gu 2024ko Behobia-Donostian ateratzea, taldean, denok elkarrekin”, bota zuen beste batek. “Hori da, attonak 100 urte lehenago egindako lasterketa egitea”, “Ospatzeko eta gogoratzeko modu berezia izango litzateke”, “Ni bai, ni animatzen naiz”, “Neu ere bai”, “Ni korrika ez, baina animatzera joango naiz”.

Eta iazko bazkarian: “Bueno zer, aterako al gara?”, “Hori da, hasiko al gara entrenatzen?”

Eta bai, iritsi da unea: 2024ko Behobia-Donostia lasterketan Juan Manuel Azpiroz Aiako txikia korrikalariaren 13 ondorengo aterako gara korrika: bilobak, birbilobak eta herenilobak. Laugarren belaunaldirainoko soka osatu dugu eta attonaren omenez egindako kamisetak soinean ditugula aterako gara korrika. Familiako gainerakoak animatzen izango ditugu eta nola ez, ondoren bazkaltzeko elkartuko gara, ia 80.

Ainhoa Azpirotz Eizmendi: 

"1924 eta 2024 urteak lasterketa berean korrika eginez lotuko ditugu"

1924an irabazi zuen attonak Behobia-Donostia lasterketa, 22 urte zituela. 1:14:22ko denboran egin zituen 20 km-ak eta erraztasunez iritsi zen Kursaal Kasinoaren pareko helmugara. Urte hartan 24 lagunek eman omen zuten izena eta horietatik 16 azaldu omen ziren lasterketara.

Aurretik eta ondoren lasterketa gehiagotan parte hartu zuela jakin dugu. Eta garai hartan ohikoak ziren korrika-apustuetan ere asko ibili zen, Tolosako eta Azpeitiko zezen-plazetan, adibidez. 1943an 5.000 pezeta jokatu zituen Goizueta-Leitza joan-etorria hiru orduz azpitik baietz egin eta 2:47:58an egin zuen buelta, sekulako marka utziz. 1924tik 1958era bitartean moda modako korrikalaria izan zen attona, Aiako txikia.

Alpargatak jantzita ikusten den argazki kurioso bat badaukagu, hanka meheak eta bularralde zabala ederki ikusten zaizkiona. Korrikarako gorputz oso aproposa, guri txikitatik esan zaigun bezala.

100 urte beranduago, 1924 eta 2024 urteak lasterketa berean korrika eginez lotuko ditugu, attona, birrattona eta herenattona gogoratuz eta omenduz. Hunkigarria izango da.