Helduion/k honi!

“Heldu zaharrenak, adintsuak izan arren ez dira zaharrak sentitzen eta autonomoak dira”.

Pertsonak modu ugaritan sailkatu eta taldekatu daitezke, eta modu horietako bat adinaren araberakoa da. Adinaren arabera umea, nerabea, heldua edo zaharra izan daiteke pertsona bat –zaharraren kasuan, zaharra ala adinekoa? Zer esan beharko genuke? Adinekoa esatea politikoki zuzenagoa da? Ala zaharrak konnotazio ezkorra duelako esaten dugu adinekoa?-.

Azken taldearen gaineko zalantzaz gain, beste nobedade baten berri jakin dut Berrian irakurritako albiste batean (“Heldurik zaharrenen arora iristen”, 2024-11-24): helduen taldearen barruan beste talde berri bat sortu dela; heldurik zaharrenen taldea. Hau da, helduen barruan batzuk gazteagoak eta beste batzuk zaharragoak dira eta orain bereizi egiten dira. Heldurik zaharrenen talde berria 60 urtetik gorako pertsonek osatzen dute eta talde handia da, baby boom-eko belaunaldia adin horretara iristen ari delako.

Bizitza osasuntsuaren itxaropena igo delako sortu da talde berri hau eta orain dela urte batzuk 60 urtetik gorakoek ez zituzten ezaugarriak dituzte. Ezaugarri bat autonomia da; adintsuak izan arren ez dira zaharrak sentitzen eta autonomoak dira.

Ainhoa Azpirotz Eizmendi: "Adinaren araberako beste talde bat sortu da: heldu zaharrenak"

Beste bat erosahalmena dutela. 2008ko krisiak ez zien hainbeste eragin eta austeritate politikek eta enplegu galerak ere ez ditu harrapatu. 30 urte loriatsuak deiturikoak bizi izan zituzten eta igogailu sozialak funtzionatzen zuen garaikoak dira. Beraz, aberastasunak bildu dituzte.

Adituek diote talde handi honek ondorioak izango dituela ekonomian eta lan munduan. Kontsumo ikuspegitik, joera handiagoa dute aisialdian, ongizatean, zaintzan eta osasunean gastatzeko, eta ez hainbeste ondasunak erosten.

Elikagaien sektorean zenbait marka konturatuta daude talde hau existitzen dela eta ongi ezagutzen dituzte pertsona horien ezaugarriak. Danone, Nestle eta antzeko beste talde handiak hasiak dira talde horri bideratutako produktuak saltzen: gatz gutxiko edo azukre gutxiko jakiak tentsio altua dutenentzat edo diabetesa dutenentzat; proteina, bitamina eta kaltzio gehigarriak dituzten elikagaiak… Autogintzan ere, auto altuagoak egiten hasi dira, errazago sartzeko eta irteteko modua ematen dutenak. Eta Ikea ere hasi omen da errazago altxatzeko aukera ematen duten besaulkiak egiten.

Harrigarria da. Gu heldu zaharrenen talde hau existitzen dela ohartu aurretik, merkatua -beti bezala- aurreratu da eta talde horrentzako produktuak eskaintzen hasia da. Harrapazank! Aurrea hartzen eta beharrak sortzen espezialistak direnak zein taldetan sartuko ditugu?